Haurrekin jokatuko dute bihar Asegarceko pilotariek Odietan

Baleike 2016ko eka. 21a, 18:59

Olaizola eta Urrutikoetxearen argazkia jaso du opari Zelai hoteleko arduradun Jon Zeberiok.

Lau eguneko egonaldia ari dira egiten Asegarceko pilotariak Zelai hotelean. "Zumaiara gatozen bigarren urtea da, eta egonaldi hau izaten da pilotariek elkarrekin egun batzuk pasa eta giro onean egoteko", azaldu digu Asegarceko arduradun Salvador Bergarak. Bihar 17:00etan Odietan izango dira, nahi duten haurrekin pilotan egiteko.

Eguraldi ezin hobea egokitu zaie Zumaian eta gogotik eskertu du Salva Bergarak, Zelai hoteleko terrazan eserita, itsasoa bizkarrean. "Hainbeste euri egin du aurreko astean... Zumaiara etorri eta gainera eguraldi honekin, zoragarria da pilotarientzat". Duela 15 bat urte hasi ziren urtean behin pilotari guztiak bildu eta halako egonaldiak egiten. "Bestela urte osoan zehar bakoitzak bere bidea egiten du. Aldagelatan eta entrenamenduetan izaten dira elkarrekin, baina ez talde modura. Egonaldi hauetan hori bilatzen dugu, pilotariak elkarrekin egotea, giro onean, elkarren artean harremanak sakontzeko, hobeto ezagutzeko, berriek konfiantza hartzeko...".

 

Gaur eguerdian taldeko argazkia atera dute eta Pablo Berazaluzek eta Mikel Idoatek prentsaurrekoa eman dute, pilota profesionala uztera doazela jakinarazteko. Astorek prestatu dizkien arropa berriak ere erakutsi dituzte prentsa aurrean. Gero, arratsaldean, Aitzuri pilotaleku berrian entrenatzeko aukera izan dute –pilotalekua ikustera joan ziren 300 bat lagunen aurrean–; eta bihar, 17:00etan, Odietan izango dira, haurrekin jokatzeko. Buruz-buruko txapeldunorde Mikel Urrutikoetxeak esan digunez, beraiek ere asko estimatzen dute haurrekin jokatzeko aukera: "Geu ere mutikoak izan ginen eta pilotariak mireste genituen. Ederra da haurrei halako aukera eskaintzea".

Aimar Olaizolak Aitzuri pilotalekuko estreinako jaialdian hartuko du parte larunbatean, eta bazuen gaur eguerdian frontoi berria probatzeko gogoa. Odieta zaharra ere gogoan du oraindik: "Odietan jokatuta nago ni, ez gehiegitan, baina bai festetan. Ruben Belokik berak komentatu dit gaur goizean, elkarrekin izan ginela behin. Gogoan dut jendea oso gainean izaten zela".

Ostegunera arte egongo dira Zelai hotelean. Bazkaldu ondoren bakoitza bere eguneroko bizitzara itzuliko da, Zumaian egun politak pasata.

Erlazionatuak