Sapere Aude Sinfoniettak crowdfundinga jarri du martxan abuztuko kontzertuko gastuak estaltzeko

Baleike 2016ko eka. 17a, 08:31

Fernando Velazquez orkestra bat zuzentzen.

San Pedro Abesbatzarekin batera emango du kontzertua eta gastuak estaltzeko mikromezenasgo kanpaina jarri du abian. Abuztuaren 1ean izango da emanaldia.

Orkestra profesionalek jotako musika klasikoa entzuteko gogoa duen musikazaleak auditorio handietara joan behar izaten du. Kursaal, Arriaga, Euskalduna... Musika klasikoa tenplu horietatik atera eta zirkuituetatik kanpo dauden herrietara eramateko asmoarekin sortu da Sapere Aude Sinfonietta. Musikari profesionalek osatutako musika taldea da hau eta bertako kide da, besteak beste, Marixi Sesma klarinetejole zumaiarra.

"Jendeak dio ez duela musika klasikoa ulertzen. Musika hau entzuteko Kursaalera joan behar duzu edo beste auditorio batera eta askok ez dute aukera hori. Musikak joan behar du beraiengana. Hala, gainera, musikariok ere jotzeko aukera dugu. Ez da dena klaseak ematea, guk ere musika jo nahi dugu eta honelako orkestrek aukera hori ematen dute", azaldu digu Sesmak.

Ilustrazioko garaian ‘pentsatzera ausartu zaitez’ zioen maxima bat erabili dute taldearen izen bezala. Orkestretan, musika eskoletan eta taldetan aritzen diren hainbat musikari profesionalekin hitz egin zen taldea eratu aurretik. "Sapere Auden Euskadiko Orkestrako, Espainiako Orkestrako, Bilboko Orkestrako edota Musikeneko jendearekin hitz egin genuen eta denek egokia ikusi zuten halako orkestra bat sortzea".

Uda honetan emango ditu sinfonietta honek bere lehen kontzertuak: uztailaren 31n Getxon eta abuztuaren 1ean Zumaian, Musika jaialdiaren baitan. San Pedro Abesbatzarekin batera emango du emanaldi hau. Zuzendari lanetan Fernando Velazquez bizkaitarra arituko da.

Velazquez Lo imposible, El orfanato edo La cumbre escarlata bezalako pelikuletako musikaren konposatzailea da. Getxoko musikaria aurrez Zumaian izandakoa da: 2013an, Musika jaialdiaren baitan, pelikuletako musikak jo zituen orkestra baten zuzendari bezala aritu zen.

Oraingoan honetan, baina, pelikulekin lotutako irudiak alde batera utzi eta musika klasikoagoaren munduan sartuko da, San Pedro Abesbatzarekin batera. Aurtengo Musika jaialdiari hasiera emango dion kontzertua hasiera orkestra honen esku izango da. Ondoren, bigarren zatian, San Pedro abesbatzak orkestrarekin batera abestuko du. «Beti ere ongi dago gauza berriak egitea eta, kasu honetan, orkestra batekin jotzea gauza polita da», gaineratu du San Pedro abesbatzako zuzendari Amaia Aldalurrek.

Crowdfunding

80 bat musikari bilduko dira parrokian emanaldi honetan. Horrek, noski, bere gastoak eragiten ditu. Musika Jaialdiak aurrekontuaren %70a jarriko du eta kontzertua emango duten bi taldeek beste %30a. Horretarako crowdfunding edo mikromezenasgo sistema jarriko dute abian. Laguntza hau on-line egin daiteke verkami.com orrialdean dagoen estekan (musika-klasikoa-SAS+SP,under Fernándo Velázquez izeneko proiektuan) edota Alondegian zuzenean, kultura bulegoan 10:00-14:00 bitarteko ordutegian, uztailak 12 bitartean. Emandako diru kopuruaren arabera, sariak jasoko dira. Hala, 10 euro emanez gero, kontzertuan eserlekua ziurtatuta egongo da.