Eskualdeko bereizgarri gastronomikoetan oinarritutako Kosta Gastronomika egingo da udatik aurrera

Baleike 2016ko eka. 14a, 17:28

Kosta Gastronomika ekimena aurkeztu dute eskualdeko udalek, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako turismo eskaintza gastronomiaren altxorretan oinarrituz.

Getariako Elkano Txakolindegian aurkeztu dute ekimena Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udaletako turismo bulegoek eta Urola Kostako Udal Elkarteak. Kosta Gastronomikaren eskaintza eta marka Urola Kostako eskualdeak gastronomiaren arloan dituen baliabideetan oinarritzen da eta eskualdeko goi mailako produktuak hartzen ditu hizpide.

“Eskualdeak enbaxadore nagusi bat du, parrilla, eta herri bakoitzak berea: Getariak txakolina, Oriok bisigua, Zarautzek azoka, Aiak gazta eta Zumaiak Flyscheko olagarroa”, azaldu dute.

Esperientziak

Kosta Gastronomika ekimena ez da, ordea, produktuetara mugatzen, izan ere, produktu horien inguruko esperientziak eskainiko dizkie bisitariei. Hasiera batean uda garaian egingo dira esperientzia hauek, baina Udal Elkartearen eta turismo bulegoen asmoa urte osora luzatzekoa da.

  1. Getarian Txakolinaren Ibilbidea. Hileko 1. eta 3. igandetan izango da, ekainaren 19tik irailaren 18ra bitartean, 11:00etan. Prezioa: 25 euro helduek eta 15 euro haurrek.
  2. Orion bisigua prestatzen ikusteko eta dastatzeko esperientzia. Ekainean, uztailan eta abuztuan ostiraletan egingo dute, Katxiña, Joxemari eta Xixario erretegietan txandaka, 13:00etatik 14:00etara. Prezioa: 25 euro helduek eta 15 euro haurrek.
  3. Zumaian Flyschean olagarroa nola harrapatzen duten ezagutu eta dastatzeko esperientzia. ekainaren 18an; uztailaren 9an eta 23an; abuztuaren 6, 13, 20 eta 27an eta irailaren 10 eta 24ean. 11:30etik 13:30era bitartean. Prezioa: 15 euro helduek eta 10 euro haurrek.
  4. Zarautzen azoka, eskualdeko baserritarren emaitza koloretsua ezagutzeko aukera. Astelehenetik larunbatera 08:00etik 13:15era eta 17:00etatik 20:15era irekita dago, eta herritarrek eskualdeko produktuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute bertan.
  5. Aian oraindik ez da lotu esperientziarik. Herriko hainbat baserritan egiten da gazta, eta ekoizle horiekin hartu-emana izateko aukera eskainiko dute.

Esperientziaren batean parte hartu nahi dutenek, tokian tokiko turismo bulegoetan eman beharko dute izena.