'Geoparkeko herriak' bisita gidatu berriak hiru herrien historia eta ondarea aztertuko du

Baleike 2016ko eka. 10a, 15:43
Ezkerretik hasita, Pedro Bengoetxea, Esti Irureta, Oier Korta, Leire Barriuso eta Jose Angel Lizardi

Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten hiru herrien historia, itsasoarekin duten harremana eta ondare kulturala ezagutzeko aukera ematen duen bisita gidatu berria da Geoparkearen udako eskaintzako berrikuntza nagusienetakoa. Geoparkeko herriak du izena bisita honek eta larunbatero egingo da, txandaka, Deban, Mutrikun eta Zumaian. 

Geoparkearen udako denboraldiaren aurkezpena egin da gaur goizean Deba Santa Maria elizako klaustroan. Bertan izan dira Debako alkate eta gaur egun Geoparkeko presidente Pedro Bengoetxea, Jose Angel Lizardi Debako alkatea eta Zumaiako alkate Oier Korta. 

Leire Barriuso Geoparkeko gerenteak azaldu duenez, 600dik gora bisita gidatu emango dira Geoparkearen eremuan ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean. "Urte osoan zehar antolatzen dira, iaz Gabonetan ere antolatu genituen, baina uda garaian indartu egin dugu eskaintza. Garai honetan egunero izango ditugu proposamenak. Uda garaian bakarrik, iaz urte osoan baino bisita gehiago izango dira". 

Erakundeko antolatzaileek garbi dute Geoparkea promozionatzeko modu egokienak eta arrakastatsuenak direla bisita hauek. "Pasa den urtean bisita kopurua bikoiztu egin genuen eta horrek eragina izan zuen, bisitari kopurua % 48 batean igo zen-eta. Euskadi osoko proposamen eraginkorrenetakoa da hau", nabarmendu zuen. 

Arrakasta duten proposamenak mantentzearen apustua egin du Geoparkeak eta hor, hutsik egiten ez duena, Flyscharen ibilbidea da. Geologia, kultura eta natura uztartzen dituen proposamen honen harrerak gora egin du urteekin. "Azken aldian Basquetourrek promozionatu du eta igarri dugu bisitarien igoera: bikoiztu egin da ibilaldi hau egin dutenen kopurua. Geoparkea zer den hobekien erakusten duen proposamena da", adierazi du Barriusok.

Bi berrikuntza

Bertan gozo gelditzeko gogorik ez eta bi berrikuntza prestatu dituzte udako denboraldi honetarako. Lehenengoa aurrez aipatutako Geoparkeko herriak da. Mutrikuko, Debako eta Zumaiako kultur eta itsas ondarea ezagutzera emango duen irteera gidatua da hau. Bertan, bisitariak itsasoari eta itsas kulturari estu lotutako herri bat deskubrituko du, alde zaharretako eraikin eta monumentu nabarmenak bisitatuz. Larunbatetan egingo da ekintza hau, txandaka: Deban egingo da larunbat honetan, Mutrikun ekainaren 25ean eta Zumaian uztailaren 1ean.

Bigarren proposamena umeei eta familiei zuzendutako Lasturko plaza da. Lasturko bailaran egingo da, Geoparkearen bihotzean. Umeak izango dira protagonista, euskal jolas tradizionalak berreskuratu eta sustatu nahi dituen proposamen honetan. 

Bisita hauetarako eta Geoparkearen eskaintza osatzen duten beste proposamen guztietarako erreserbak egiteko aukera zabalik dago www.geoparkea.com web gunean. Bertan aurkituko duzue ordutegiak, prezioak eta eskaintza honen inguruko informazio osoa, baita ordainketak egiteko aukera ere.