Voltaia, marmokaren zaztateko pozoitsua

Baleike 2016ko mai. 18a, 12:58
Unai Eizagirrek (Baxua eta ahotsa), Jonb Brakamontek (gitarra) eta Jon Duranek (bateria) osatzen dute Voltaia. Argazkia: Iñaki Urreizti

Joan den abenduko Baleike aldizkarian aurkeztu zigun Voltaiak Medusa disko berria. Hemen daukazue erreportajea.

Diskoaren azalak marmoka baten argazkia darama. Hasieran harridura sortzen du. Harridura diskoaren egilea Voltaia taldea delako,Voltaiak rock gogorra jotzen duelako (stoner punk bezala definitzen dute beraien musika), marmokak izaki delikatuak direlako (ez dute berdina pentsatuko haien erasoa jasan dutenek) eta, laburbilduz, zaila delako imajinatzen rock gogorreko disko baten azalean."Alexander Semenov argazkilari errusiarraren argazki bat da. Lehen diskoaren garaitik ezagutzen genuen argazki hori eta disko haren azala izatea nahi genuen. Baina baimenik ez genuen eta azkenean beste azal bat jarri genion. Bigarrenean Medusa izeneko kanta bat sartu behar genuen eta ikusi genuen une egokia zela argazkia berreskuratzeko. Argazkilariarekin harremanetan jarri ginen, baimena eskatu genion eta halaxe atera da", dio unai Eizagirrek,Voltaia taldeko baxujole eta abeslariak. Horrelako argazki bat jartzeko beste arrazoi bat ere bazuten: "Ez zaizkigu gustatzen heavyko edo rock gogorreko tipografiak eta azalak. Cannibal Corpse taldearen disko bat hartzen baduzu, adibidez, badakizu zer aurkituko duzun. guk entzulearen kuriositatea piztu nahi dugu".

Kanta horrek, Medusa-k, Voltaiaren bigarren diskoari izena ere ematen dio. Unai Eizagirrek (baxua eta ahotsa), Jon Brakamontek (gitarra) eta Jon Duranek (bateria) osatzen duten hirukoteak 2014ko udaberrian atera zuen lehen diskoa. CD hura Uxategiko estudioan grabatu bazuten; bigarren hau, berriz, Eñaut Gaztañaga Grises taldeko kideak Zestoan duen estudioan grabatu dute. "Berez Grises taldeak jotzen duen musika ez zaigu asko interesatzen, baina estudio horretan grabatutako gauzak entzun genituen eta asko gustatu zitzaigun lortutako soinua. Estudio batean lan egiteko gogoa ere bagenuen. Estudio hori, gainera, Zestoan dago eta joan-etorriak errazak egin zaizkigu. Lanak uzten zuen denbora librea erabili dugu grabatzeko". Grisesek elektronikatik hurbil dagoen pop musika jotzen du, Voltaiak jotzen duen rocketik urrun xamar. Hala ere, arazorik ez dela egon dio. “Berak aurrez ezagutzen gintuen; bizpahiru kontzertutan egona zen. Gure musika bere horretan utzi du, baina, ahotsetan bai, zenbait truko erabili ditu. Guk halakorik aurrez ez dugu erabili eta gustatu zaizkigu. Hortxe geratu dira, ez dugu ezer aldatu”.

Faltsukeria, gezurra, amodioa eta desamodioa, politikaren showa eta tratu txarrak dira, besteak beste, disko honetako hamaika abestietan jorratzen dituzten gaiak. Uholdeak abestian orain pare bat urte izandako denboraleen inguruko letra aurki daiteke. “Nahiko letra zuzenak egiten ditugu. Lehen, Itaka taldearen garaian, metaforak eta beste mota bateko letrak erabiltzen genituen. Voltaiarekin mezua zuzenagoa da”.

Diskoa, berez, urte hasierarako prest zegoela dio Unaik, baina ia 2015aren amaierara egon behar izan
dute zain eskutan izateko. Lehen diskoa beraien kabuz atera zuten; bigarren hau, berriz, Mauka Musikagintza etxearekin. “Ez da diskoetxea soilik. Taldeen birak ere antolatzen dituzte. Gustura gaude beraiekin. Disko kopuru bat eman digute guk banatzeko, baina haien laguntzarekin kate handietara, FNACera edo Elkarrera, adibidez, helduko da”.

Diskoak grabatzen gustura aritzen direla dio, baina be- raien habitat naturala zuzenekoa dela azpimarratzen du Unaik. Denbora honetan kontzertu dezente eskaini dituzte Euskal Herriko hainbat tokitan. Atsedenaldiaren ondoren, orain gutxi hasi dira berriro ere kontzertuak ematen. Larrabetzun, Bilbon eta Durangon jo dute azken egunotan eta abenduaren 12an Maulen izango dira. “Abenduaren 26an Ondarroan jotzeko gonbidapena dugu, baina azkenean ez dakit joango garen”, adierazi du. Datorren urterako hiru hitzordu dituzte konfirmatuta: Oñatin urtarrilaren 16an, Zestoan 22an eta Trintxerpeko Mogambon otsailaren 20an.

Kontzertuetan ezin hobeto pasatzen dutela dio Unaik. “Horregatik jotzen dugu. Guk badakigu hemendik ezin garela bizi; bakoitzak gure lana dugu, eta, gainera, lagunak gara. Oholtza gainean gaizki pasako bagenu, seguru egon ez genukeela jarraituko. Baina oraingoz ez da hori pasatzen: disfrutatu egiten
dugu kontzertuetan”.