Alondegiaren bost urte arrakastatsuak

Baleike 2016ko mai. 11a, 20:24

Alondegia kultur etxea zabaldu zela bost urte bete dira gaur. Urte gutxi hauetan ia ehun erakusketa, liburutegiko milaka kontsulta, ekitaldi, antzezlan eta kontzertu izan dira bertan.

Bere garaian baserritarrak igande arratsaldetan ardo batzuk hartzera kalera jaisten ziren moduan, orain bost urte Zumaiako kultura edo, hobe esanda, kultur etxea Forondako menditik Erribera kalera jaitsi zen. Bost urte bete dira gaur Alondegia kultur etxea abian jarri zenetik. Urte gutxi hauetan nabarmen igo da bere erabiltzaile kopurua. Garai hartan Zumaiako Udalak egindako apustua arrakastatsua bihurtu dela agerian geratu da.

Kultur etxea Alondegira mugitu zen arte, sarritan entzuten ziren herritarren kexa eta negarrak: «Han goraino joan behar al da?», zioten Forondako palaziora begira. Garai hartan Forondako markesarena izandako jauregian kokatzen zen Zumaiako kultur etxea. Bertan ziren kultur arduradunen bulegoak eta liburutegia; herri mailan Oxford bezala ezagutzen zen alondegi zaharreko eraikinean, berriz, erakusketa areto zaharkitua zegoen. Orduko agintariek eraikin zaharra hartu, erabat berritu eta kultur etxe bihurtzeko erabakia hartu zuten. Hainbat buruhauste, zalantza eta mugimenduren ondoren, 2011ko maiatzaren 11n zabaldu zen kultur etxe berria.

«Orduko udal gobernuaren apustua izan zen Alondegia, eta apustua ondo atera da», nabarmendu du Miriam Romatet kultur teknikariak. 450 metro inguru besterik ez dago Foronda eta Alondegia artean. Erabiltzaile kopurua, baina, bestelakoa da. Liburutegietara doazenak, erakusketetako bisitariak, bilera geletan elkartzen direnak edo edozein zalantza argitzeko bulegoetara hurbiltzen direnak; egunero makina bat lagun hurreratzen da Alondegira.

«Kulturarena bakarrik ez, arlo guztietako zumaiarren elkargune bihurtu da eraikin hau. Herri mailan gehien erabiltzen den zerbitzuetakoa izango da Alondegia», gaineratu du Miriamek. «Bost urte hauetan, Oxford aretoan ia ehun erakusketa izan ditugu, liburutegietan milaka kontsulta, bilerak, azokak, ekitaldiak, kontzertuak, antzezlanak...». Goizean goiz posta elektronikoko mezu bat bidali die erabiltzaile eta kultur eragilei urteurrena gogoratu eta eskerrak emateko.

Oxford zaharrean gertatzen zen bezala, erakusketa areto berrian ere nahikoa da ate handia zabaltzea jendearen arreta eta kuriositatea pizteko. «Urteko hogei bat erakusketa izaten ditugu hemen. Horiez gain bigarren eskuko azokak, perretxiko astekoak, Inauterietako eta Gala gauko argazki txokoak eta beste hainbat ekitaldi izan dira». Egun hauetan Shanty Oria elgoibartarraren margoak eta eskulturak ikus daitezkeen bezala, hurrengo astean pintura tailerreko ikasleen lanak zintzilikatuko dira Oxfordeko hormetan. Datorren urtera arte beteta dago areto honetan erakusteko agenda.

Liburutegia

Alondegiaren arrakasta liburutegiko datuekin ere neurtu daiteke. Gaur egun 2.700 bazkide inguru dituzte Alondegian dauden bi liburutegiek: 1.470 haur eta 1.230 heldu. Zumaiako biztanleriaren laurdena baino gehiago liburutegietako bazkidea da. Iaz bakarrik 239 bazkide/irakurle berri gehitu zituen zerbitzuak. Urte horretan bertan 11.600 mailegu egin ziren eta 152 erreserba. Liburutegien arteko mailegua ere asko erabiltzen dela azpimarratu zuen Arantxa Eizagirre liburuzainak.

Ohiturak asko aldatu dira urte hauetan eta lehen, azterketen atarian, etxean ikasten bagenuen, belaunaldi berriek liburutegian ikastea nahiago dute. Hala, azterketa garaian Ikasgela eta helduen liburutegia beteta egoten dira arratsalde parean. Goizak, berriz, hedadetuenak izaten dira: egunkariak irakurtzeko denbora hartzen dute hauek. Moila eta Arranpla gelak ere aski erabiliak dira, bai bilerak egiteko edo, hedabideon kasuan, elkarrizketak egiteko.

«Eskura dagoen lekua da eta gainera denei irekia dago», laburbildu du Olatz Erdozia kultur teknikari laguntzaileak arrakasta honen arrazoiez hitz egiterakoan.