Jon Urbieta: “Gezur bat edo beste bota izan dut sare sozialetan, giroa berotzeko”

Baleike 2016ko mai. 10a, 14:23

Sare sozialen inguruko elkarrizketa sorta argitaratzen dabil Urola Kostako Hitza egunkaria. Aste honetan Jon Urbieta izan da atal honen protagonista. Hemen duzue egindako elkarrizketa. Paperean sartu ez diren pasarte batzuk ere badituzue hemen.

Elkarrizketa hasi aurretik esaten zenidan sare hauek erabiltzeko modu desberdinak daudela.

Sare sozialez hitz egiten dudanean ez naiz ari bakarrik Facebook edo Twitterrez; Youtube-ez ere ari naiz. Bideoak igotze horrekin jendearekin sozializatzen duzu. Produktu bat edo marka bat badira, sareak erabiltzen dituzte saltzeko. Hedabideek egiten duzuena, adibidez. Pertsona arruntek, berriz, erabiltzen dituzte beraien gustoak edo gustatzen zaizkien gauzak adierazteko, edo elkarbanatzeko. Badira, baita ere, sareak sozializatzeko erabiltzen dituztenak ere. Nik, adibidez, Twitter edo Instagram bitartez jendea ezagutu izan dut. Adibide bat jarriko dizut: El Hormiguero saioko pertsona bat ezagutu dut. Niri El Hormiguero asko gustatzen zait eta banekien pertsona honek han egiten zuela lan. Pertsona hau jarraitzen hasi nintzen eta handik denbora batera bera hasi zitzaidan jarraitzen. Ondoren, lagunak egin ginen. 

Laguna terminoa asko erabiltzen da sare sozialetan, nahiz eta arrastorik ez izan zein den sarearen bestaldean dagoena.

Facebooken ez dago laguna ondo erabilita. Ez luke laguna izan behar, pertsona izan beharko luke. Gaur egun nire Facebook pertsonalean ditudan pertsonak ezagunak dira, hau da, nik pertsona hori gehitu aurretik jakin egin behar dut zein den eta aurretik berekin egon behar izan dut. Sare sozialetan hasi nintzenean ez nuen batere kuidorik eta denei oniritzia ematen nien. Ondorioz, timeline-aren %80 edo 90a ez nekien zein zen. Zer ari zitzaizkidan esaten? Nire lagunek zerbait jartzen bazuten, agian gutxi jartzen zutelako, ez nituen ikusten. 2014ean, Alkainen programan sartu nintzenean, perfil pertsonala orri bihurtu nuen, atsegin dut-en orria bihurtu nuen. Horrek duen abantaila da lagun bezala zenituen horiek jarraitzaile bihurtu zirela. Perfil pertsonal horretan 340 lagun ditut eta horiek bai direla lagunak. Hor sartzen naizenean benetan inporta zaizkidan pertsonen gauzak ikusten ditut. Bi perfilak bereiztu egin ditut eta bigarren hau pribatua da.

Zein izan zenuen lehen sare soziala?

Tuentia. Aurretik bazegoen Messengerra, baina hura ez nuen sare sozial bezala ikusten; komunikatzeko zerbaiten antzerakoa zen. Tuentian ere ‘lagun’ pila nituen. 2008an Facebooka egin nuen eta urtebete geroago, 2009an, Twitterra zabaldu nuen. 

Zenbat sare sozialetan zabiltza?

Era aktiboan, Twitter, Facebook, Instagram eta Snapchat. Hau azken plataforma da, mugikorretan bakarrik erabili daitekeena. WhatsApp bezala izango litzateke, baina badu beste erabilpen bat: pertsona batekin hitz egiteko erabili dezakezu eta, bestalde, zure perfilean jar dezakezu azken 24 ordutako argazkiak; hauek, gero, automatikoki borratzen dira. Gazteen artean sare sozial erabiliena da. Snapchatek duen beste gauza ona da ez diozula inori ematen zure telefonoa. Gauzak era pribatuan igo ditzakezu eta horiek ikusteko laguna izan behar zara. 

Zer erabilpen ematen dizkiozu sare hauei? Sarearen arabera erabilera desberdina ematen al diozu?

Twitterri eta Facebooki ez diot erabilpen berdina ematen. Facebooken bideo batzuk igotzen ditut eta Twitterren, kontu profesionala ez bazara behintzat, 30 segundotik gorako bideorik ezin duzu igo. Halakotan, Twitterren irudi bat edo bideoaren zati bat eta Facebookerako esteka sartzen ditut. Saiatzen naiz biak berrelikatzen, era horretan jarraitzaile gehiago lortzeko. Bi sareetan gauzak ez ditut une berean jartzen. Instagramen egunero argazki bat igotzen dut eta ez daukat lotuta Facebookeko orrira, baina bai perfil pertsonalera. Snapchaten, berriz, txorakeriak eta eguneroko gauzak sartzen ditut, lehen Twitterren sartzen nituenak.

Twitterrek boom bat izan zuen bere garaian eta gazte mordoa sartu zen. Baina azken aldian beherakada handia izan du. Azken urteotan hedabideek erabili dute Twitter beraien edukiak zabaltzeko. Twitter heldua bihurtu da. Gazteek esaten zituzten esaldi hutsalek orain ez dute Twitterren lekurik. Noski, idatzi ditzakezu, baina inork ez dio garrantziarik emango. Twitterreko erabiltzaile horiek orain Snapchaten daude. Azken honetan tontakeria mordoa dago eta nik ere txorakeria asko sartzen ditut. Twitterren orain gauza serioak igotzen ditut. Noski, noizean behin txorakeria batzuk sartzen ditut. Nik nire burua pertsona ezagun bat bezala jotzen dut. Zorionez, telebista munduko jarraitzaileak ditut, moldatu naiz gaur egungo egoerara, eta gauza serioak sartzen ditut, ez agian niri interesatzen zaizkidanak, baizik eta nire jarraitzaileei interesgarriak irudituko zaizkienak. Ez dut lehen burutazioa soltatzen, aurretik pentsatu egiten dut. 

Sare sozialen erabilpenaren inguruko hitzaldi bat eman ziguten behin ETBn. Esan ziguten Facebooka eta Twitterra lotuta izatea ez zela ona. Bietan jarraitzen zaituen norbaitek ikusten badu bietan gauza berak sartzen dituzula, batean jarraituko zaitu eta bestean ez. Gero, gainera, Twitterren dagoen mugimenduarekin, zure txioa ez bada zerbait garrantzitsua, galdu egiten da. Facebookek, berriz, eginda dagoen moduagatik, badaki zure edukia nabarmentzen; timeline-ean denbora gehiagoan mantentzen dizu edukiaren edo jasotako erantzunaren arabera.  

Twitterreko mezu batean kexatzen zinen jendeak ez dituela lehen bezainbat partekatzen bere bizipenak. 

Nik uste muturrera heltzen ari garela, jendeak ez dituela bere gauzak sartzen besteek zer esango dutenagatik edo bere buruzagiak ikus dezakeelako. Erdibide bat aurkitu behar da. Duela urte batzuk Baleiken santelmotako argazkiak igotzeko traola ere jarri zenuten eta jende askok igo zituen bere gauzak. Orain Zumaiako jende askoren Twitter kontuak ikusten ditut eta ez dut ezer aurkitzen. Orain hori dena Snapchaten dago.  

Dena partekatze horrek ez al du nekatzen?

Hori pentsatzen baduzu, ez nazazu jarraitu. Horri buruz hitz egin dut nire lagunekin. Galdetzen didate ea zergatik kontatzen ditudan hainbeste gauza. Gerta daiteke baietz, gauza asko kontatzen ditudala, baina baita ere jende gutxi jarraitzen duzula eta egiten dituzun gauza gutxi horiek ez dituzula partekatzen. Ondorioz, zure timeline-ean beti nirea agertuko da.

Gauza askotarako erabiltzen dituzu sareak. Ba al da zerbait igotzen ez duzunik?

Noski iragazki bat dudala. Nire senide bat hil denean ez dut jartzen, adibidez. Edo zer gosaldu dudan. Nire bizitzako zerbait jartzen dudanean da pentsatzen dudalako beste norbait egoera berdinean egon daitekeela, edo norbaitek pentsa dezakeelako interesgarria dela, edo, jende berria ezagutzeko. Batzutan gezur bat edo beste ere soltatzen dut, giroa pixkat bat berotzeko. Ez, baina, trolleatzeko.

Horri lotuta, norbaitek zioen Facebook dela ‘atsegin dut’-en sarea eta Twitter ‘gorroto dut’-ena.

Gorrotatzaileena. Hau gizartean gertatzen ari den zerbait da. Gaizki egin den zerbait seinalatzeko erreztasuna dago orain. Amorru handia ematen didana da jendeak hori egiteko ohitura duela, gehienbat, anonimotasunagatik. Koldarkeria iruditzen zait. Gauzak beldurrik gabe esaten ditut eta horregatik jarraitzaileak galdu ditzakezu, baina ni lotara lasai joaten naiz. Beste batzuk, agian, ez. Horrek ez du ezer laguntzen. Ezezagun batek egiten didan kritika negatiboak ez dit ezertarako balio. Ezezagun batek niri zerbait esatea… gutxi axola. 

Galdera laburrak

Modan dagoen sare sozial bat?

Instagram, eta gazteen artean, Snapchat.

Jarraitzeko moduko norbait?

Nire interes profesionalengatik, Atresmediaren kontuak.

Zer ez da inoiz egin behar sare sozialetan?

Oporretara zoazenean etxea hutsik dagoela esan. Eta ez inoiz eman ez mail helbiderik ez telefonorik.

Zer egin behar da arrakasta lortzeko?

Ez nuke esango arrakasta dudanik… Dituzun sareak asko landu, egunero. Egun batean gauzak sartu eta astebetean ez baduzu ezer egiten, aurrez egindako lanak ez du ezertarako balioko.