Ornitho, Euskadiko naturazaleen plataforma sortu du Aranzadik

Baleike 2016ko mai. 9a, 19:20

Euskal Autonomia Erkidego mailan egindako animalien behaketen datuak erregistratu eta gizarteratuko ditu interneteko gune honek. Zumaian aurkeztu da, Geoparkearekin batera antolatutako ekitaldian

Naturazaleek Euskal Autonomia Erkidego (EAE) mailan egindako behaketak bildu eta gizarteratzeko asmoarekin sortutako Ornitho plataforma (www.ornitho.eus) jarri du abian Aranzadi Zientzia Elkarteak. Haren aurkezpen ekitaldia egin zen Zumaian, Euskal Kostaldeko Geoparkearen laguntzarekin.

Ornitho izeneko lehen plataforma Suitzan sortu zen eta urteekin Europako beste herrialde batzuetara zabaldu da. Espainia mailan Katalunian eratu zen lehenbizi, arrakasta handiarekin. "Urtebeteko epean 500.000 erreferentzia lortu ziren", azaldu zuen Aranzadiko kide Juan Arizagak Algorri interpretazio zentroan egindako ekitaldian. "Aurretik bazeuden beste zenbait plataforma, baina ez zuten izan honek bezainbateko arrakastarik"+, gaineratu zuen.

EAE izan da Ornitho plataforma martxan jartzen hurrengoa. Bere helburua talde taxonomiko ezberdinen behaketa-erregistroak estandarizatu, gorde eta gizartera zabaltzea helburu da. Une honetan honako talde hauei buruzko aipamenak erregistratu daitezke plataforma honetan: burruntziak, eguneko tximeletak, anfibioak, narrastiak, hegaztiak, ugaztunak, saguzarrak, etab. "Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta, zenbait espezie inbaditzaileren erregistroak ere jasotzen dira, hala nola, liztor asiarrarena edo zebra muskuiluarena".

Interneteko plataforma honetan erregistratzen diren naturazaleek beraien behaketetan aurkitzen dituzten animalien berri eman ahal izango dute. "Egiaztatze batzorde bat ere badago; hauek esan dezakete behaketa hori posible dela edo, demagun, erregistroan agertzen den kokapen horretan ezinezkoa dela animalia mota hori aurkitzea". Erregistroekin batera, argazkiak eta soinuak igotzeko aukera ere ematen du web gune honek.

Ornithora sartzen diren bisitariek denbora jakin batean sartutako erregistroen zerrenda osoa eskuratzeko aukera dute. "Hori beste herrialde batzuetako Ornithoetan ez dago eskuragarri, baina gurean bai". Behaketak kontutan hartuta mapak ere sortzen ditu plataforma honek.

"Orain arteko erregistroen %95a hegaztiek osatzen dute. Narrastien inguruko ikerketa bat egiten ari dira gaur egun eta datu horiek guztiak sistemara igoko dira", azaldu zuen Aranzadiko kideak.