Txanak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Azkue Ibarbia 2016ko mai. 4a, 14:16

Maiatza hastearekin batera, Jexux Gorostola Toreruarekin urtero izaten dudan elkarrizketa etorri zait gogora.

“Etorritxuk!”, esaten dit, ikusten nauenean. Txanei buruz ari da. Txori kontuetan jantzita ez gaudenontzat, beste izen batzuekin ezagunagoak dira: enarak, elaiak, ainarak… Jexuxen arabera, maiatzaren 3an etortzen dira urtero gurera, hutsik egin gabe, eta halaxe egiaztatu ahal izan dut. Gertatu izan zait Aste Santuan Andaluziara joan eta ikustea txanak Caceresen, El Puerto de Santa Marian… Zumaiara bueltatu eta arrastorik ez; bidean, artean, nonbait… Baina hutsik egin gabe etortzen dira beti, egunotan.

Atzo egun osoa Zumaiatik kanpo pasa nuen eta ia akordatu ere ez nintzen egin maiatzaren 3a zela. Gaur goizean, berriz, Forondara joan beharra neukan, eta bidean, gaurko zeru urdin garbian, hegalari txiki, ilun eta azkarren bila ibili naiz… Alferrik… Forondara iritsi naizen arte. Handik bai, ale gutxi batzuk ikusi ditut hegan!

Laster ugaritu egingo dira, eta hasiko dira batetik bestera ziztu bizian, hegaka, habiak egin eta kumeak hazteko lanetan. Ohitu ere egingo gara hainbeste ikusten.

Behingoagatik, gaur neuk hartuko diot aurrea Toreruari: “Etorritxuk, Jexux, etorritxuk!”.