PSE-EEk EAJ eta EH Bildu kritikatu ditu Deba eta Donostia artean gautrena ezartzearen aurka agertu direlako

Baleike 2016ko api. 22a, 11:37

Euskal sozialisten taldeak asteburuetan Deba eta Donostia arteko gautrena jartzeko eskaera eraman zuen atzo Legebiltzarrera. Proposamenak aldeko 25 bozka eta aurkako 47 jaso zituen. Hori dela-eta, PSE-EEk EAJren eta EH Bilduren jarrera kritikatu du, kontrako botoak emateagatik. 

Patxi Elola parlamentariak eta Zarauzko zinegotzi ohiak ohar batean azaldu duenez, Deba eta Donostia arteko korridorea  (Deba, Zumaia, Zarautz, Orio eta Usurbil) da Euskotrenen baitan asteburuetarako gaueko tren zerbitzua ez duen bakarra. Bere esanetan, EAJ eta EH Bilduren jarrera “ulertezina da” korridore horretako “udalerri garrantzitsuenek 2004an egindako eskaerari jaramonik egin ez” diotelako.

PSE-EEk aurkeztutako eskaera honetan gaueko tren zerbitzua ezartzea eskatzen zuen, “asteburuetan eta kirol eta kultura jarduera garrantzitsuak” daudenean. Sozialisten esanetan, zerbitzu hau “lehenbailehen” jarri beharko litzate martxan, “beranduena jota ekainaren 1ean”. Elolak idatzi honetan adierazi duenez, EAJk eta EH Bilduk ordezko proposamen bat aurkeztu zuten atzoko batzarrean. “Beharren ikerketa bat egitea eskatu zuten”. Parlamentariak “aitzakia” bezala ikusi zuen eskaera hori. “Ez dute beraien iritzia eman nahi. Orain hiru urte bideragarritasuneko ikerketa egitea onartu zen, EAJren aldeko botoekin eta koalizioa abstenitu egin zen”.

Bi alderdien jarrera “inkoherentea” dela kritikatu zuen sozialistak. “Zumaian eta Zarautzen gautrenaren alde egiten dute, baina Legebiltzarrean kontra egiten dute. Ez du zentzurik”.