Kolonbiako Cali hirian, Zumaian bezala

Baleike 2016ko api. 21a, 19:00
Luis Carlos Bonilla, Zumaia jatetxeko chefa. Argazkia: Facebook

Hainbat faktore medio, Zumaia gero eta ezagunagoa da euskal mugetatik kanpo. Baina, ba al zenekiten ‘Zumaia’ izeneko jatetxe bat dagoela Kolonbiako hirugarren hiri handienean?

Zumaiaren oihartzuna urrutira heldu dela ez dago zalantzarik. Telmo Deun-en balentriek 1980ko hamarkadan, harraldearen garrantzia geologikoaren ezaguerak orain hamarkada inguru eta Ocho apellidos vascos pelikularen grabazioak orain bizpahiru urte lagundu dute herri hau edo herri honen izena askoren ahotan jartzerakoan. Baina, ba al zenekiten Zumaia izeneko jatetxe bat dagoela, non eta Kolonbiako Cali hirian? Zer pentsatua ematen du horrek.

Internet oker ez badago, behintzat, lerro zuzen batean, Zumaia eta Kolonbiako hirugarren hiri handienaren artean 8.475 kilometroko distantzia dago. 13 bat ordu behar dira hegazkinez 2,4 milioi bizilagun dituen Calira heltzeko. Beraz, nola jarri zioten izen hori jatetxe honi? Zer ikusirik izango ote zuen euskal udalerri honekin? Edo beste Zumaia bat izango zuten buruan jatetxearen izena jartzerakoan.

Erantzuna, uste baino errazagoa da. «Zarauzko Aiala sukaldaritza eskolan egin nituen ikasketak. Zarautzen bost urtez bizi izan nintzen. Jatetxea zabaldu behar nuenean garbi nuen izen euskaldun bat jarri nahi niola eta Zumaia aukeratu nuen», azaldu digu jatetxeko chef Luis Carlos Bonillak Facebook bidez. «Herri hau Kolonbia mailan entzutetsua da dagoeneko eta ezagutzen dute», gaineratu du.

Orain urte eta erdi jarri zuen martxan jatetxea eta Espainiako eta Peruko sukaldaritzen fusioa egiten duela azaldu digu. Kolonbiako aldizkari batek ematen duen sari bat jaso berri du Bonillak, hego-mendebaldeko eta Pazifikoko sukaldari berri onenarentzakoa, hain zuzen ere.