Hamalau zuhaitz landatuko dira larunbateko Zuhaitz Egunean

Baleike 2016ko api. 13a, 14:42

Aurtengo Zuhaitz Eguna larunbatean egingo da. Aurreko urteetan Basustan, Artadin edo Forondan egin badira, aurten Zumaiako kaleetan egingo da, “eguna herrira eta zumaiarrengana” hurbiltzeko xedez.

Horiek horrela, goizean, ibilaldi bat antolatu da herriko zuhaitzak aldatu eta berritzeko. Parte hartu nahi duten herritarrak, 11:30eean Algorri Interpretazio Zentroan elkartuko dira eta, udal lorezainen laguntzarekin eta trikitilariez girotuta, eguerdiko ordu batak bitartean, zuhaitzen landaketan arituko dira. Zortzi geldiune egingo dituzte eta landaketak besteak beste, Baltasar Etxaben, Juan Belmonten, Itzurun Zuhaizbidean,, Ondartxon eta Amaia plazan eta Basadin egingo dira, bertan falta diren aleak landatuz eta ihartutakoak aldatuz.

Guztira, 14 zuhaitz landatuko dituzte eta berritutako ale bakoitzari bi identifikazio seinale jarriko zaizkio: lehenak, zuhaitza landatu duten partaideen izenak eta landaketa eguna izango ditu ikusgai eta egun honen ospakizunerako zuhaitzean atxikiko da. Bigarren seinaleak aldiz, zuhaitzaren izen zientifikoa izango du idatzita elebitan eta finkoa izango da.

Ibilbidea Victoriano Arraten amaituko da eta bertan hamaiketakoa eskainiko zaie parte hartzaile guztiei. Goizeko ekintzekin bukatzeko, otamenaren ostean, “Zuhaitza, gure laguna” liburuxka banatuko da.

Horrelako ekimenen bitartez ingurumenaren “jasangarritasuna indartu eta bultzatzea eta herritarrak ingurumenaren zaintzak duen garrantziaren inguruan kontzientziatu eta sentsibilizatzea” du helburu Udalak.  Horregatik, herritar guztiak, heldu, gazte zein haurrak, animatu nahi dira Zuhaitz Egunaren ospakizunerako antolatutako ibilaldian parte hartzera.