Zumaiako Udalak Euskal Errepublika aldarrikatu zuela 85 urte beteko dira hilaren 14an

Baleike 2016ko api. 7a, 21:08

Datorren ostegunean, hilaren 14an, Zumaiako Udalak Euskal Errepublika aldarrikatu zuela 85 urte beteko dira. Urteurren hori gogoratzeko, Hombrados Oñatibiak margotutako koadroan agertzen den emakumearen erara apainduko dute Sanjuaniturriko estatua, koadroan azaltzen den soinekoarekin eta herriko ikurra soinean duela. 

Erkibe kultur elkartetik honako mezua igorri dute:

1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeen ondorioz, Zumaian sortu zen udalbatza berria abertzaleek eta errepublikarrek osatu zuten; haiek izan ziren ordutik aurrera herriaren gobernurako arduradunak eta bi ezaugarri nagusi izan zituen udal berriak: eskuin kontserbadoreko ordezkaririk ez izatea -historian lehen aldiz-, eta II. Errepublikak berarekin ekarri zuen egoera politiko berezira moldatu behar izatea.

Horrek, dudarik gabe, aurreko aldiekin alderatuz, bide berriak ireki zizkien Zumaiako Udala osatu zuten 11 zinegotziei, baita ere Zumaiako herriari.

Baita ere, Zumaiako emakumeak gogora ekarri nahiko genuke; 1931ko Lizarrako Estatutuaren urtean margotu zuen Hombrados Oñatibiak koadro hau eta 1932an ipini zen udaletxeko areto nagusian, buru izateko.

Koadroan azaltzen den emakume honek Zumaia irudikatzen du, herriko ikurra soinean duela zain dago, eraman handiz baino irmo, senide bizkaitarrekin batera askatasunaren arbolaren azpian, Euskadiren momentu larri horietako batean botere zentralaren asmoei aurre egiteko, diktadorearen berrogei urteko agindupean ezkutatuta izan zelako. 

Urte haietan, Zumaiako emakumeek jarduera berrietara eraman zituen politika munduan, euskara, kultura eta gizarte alorretan, nahiz eta euskal emakumeek 1933an izan zuten aukera boto eskubidea gauzatzeko. Errepublika aldarrikatzearekin hasitako erreforma batzuek eskubide berdintasuna lortzeko emakumeen kolektiboak gainditu beharreko oztopo batzuk kendu izan zituen.

Gerra Zibila izan zen gizartean emakumeari beste rol bat eman ziona, eta hauek paper erabakigarria jokatu zuten faxismoaren aurreko erresistentzia zibilean.

Egun seinalatu honetan, gogora ekarri nahi dugu Euskal Errepublikaren aldarrikapenak zer nolako aldaketak ekarri zituen politikoki eta, baita ere, zer nolako papera izan zuten Zumaiako emakumeek gure herrian. 

Zumaiako Memoria Historikoa