Lehen pilotakadak Aitzuri frontoi berrian

Baleike 2016ko api. 6a, 10:30

Sanpedroetan jokatuko da lehen jaialdia Aitzuri pilotaleku berrian, baina dagoeneko haurrak hasi dira bertan entrenatzen. Zesta punta eskolako sei kidek izan zuten atzo arratsaldean frontoi berria estreinatzeko aukera.

2007ko udazkenean eraitsi zuten ia erabat Odietako frontoia. Orduz geroztik, ia hamar urtez, inguruko herrietako frontoietara joan behar izan dute entrenatzera zesta punta eskolako haurrek, astea joan eta astea etorri. Eta tarte horretan, haur askok pilota utzi egin dute, atzera eta aurrera ibiltzeaz nekatuta. Baina bukatu dira miseriak.

Sanpedroetan jokatuko da lehen jaialdia, baina dagoeneko pilota eskolako haurrek aukera dute bertan entrenatzeko. Oraindik inguruko urbanizazio lanak ez dira erabat amaitu eta frontoiko zati batzuk itxita daude, baina kantxa erabiltzeko moduan dago eta sarbidea ere libre dago frontoiaren atzealdetik.

Goian: Julen Cabanillas, Danel Odriozola eta Jon Arana; behean, Ekaitz Galarraga, Julen Mugerza eta Asier Zendoia. 

Atzo arratsaldean, 17:00ak aldera, estreinatu zuten pilotalekua zesta punta eskolako haurrek. Asier Zendoia, Danel Odriozola, Jon Arana, Julen Cabanillas, Julen Mugerza eta Ekaitz Galarragak izan zuten lehen pilotakadak jotzeko aukera. Seiak ere 11-12 urteko mutilak, Getariako frontoia baino ez dute ezagutu gaur arte entrenamenduetarako. Aitzuri "polita" eta "handia" iruditu zitzaien atzo, eta pozik jarri ziren erretraturako. Beraiek ere konturatu ziren egun berezia zela atzokoa, eta garai hobeak datozkiela aurrerantzean.