Pankarten auziari buruz eztabaidatu dute Radio Euskadin

Baleike 2016ko mar. 30a, 15:29

Radio Euskadiko Boulevard saioraino iritsi da pankarten auziari buruzko eztabaida. Oier Korta alkateak eta Kalea Guztiona Da taldeko kide Axier Lopezek hartu dute parte saioan, bakoitzak bere ikuspuntua azalduz. Hemen jaso ditugu bakoitzak emandako argudio nagusiak; elkarrizketa osoa ere entzun dezakezue –saioa gaztelaniaz da–. Zumaiako kasuaz gain, Arrasatekoa ere landu dute jarraian.

Oier Korta: 

Kale garbiketaren inguruko ordenantza baten falta aipatu du Oier Kortak bere interbentzioaren hasieran. Pankartei eta kartelei dagokienez, asmoa ez omen da debekatzea, arautzea baizik. "Espazio publikoaren erabilera arautu nahi dugu, espazio batzuk definituko dira komunikazio premiak dauzkaten elkarteek erabiltzeko. Espazio horiek sektoreka definitu nahi ditugu, panel batzuk jarri nahi ditugu arloka, herritarrak ere jakin dezan informazioa non aurkitu". "Pankarteo" eta pintaden garaiak pasa direla adierazi du, orain aro digitalean gaudela, sare sozialak ere badaudela erabilgarri. Eta gaineratu du Zumaia azken urteotan turismoari begira jarri den herria dela, eta garbitasunaren faktorea garrantzitsua dela.

Axier Lopez:

Ordenantzaren berri prentsa ohar labur baten bidez jakinarazi dela salatu du Axier Lopezek. "Erabakia zen kartel eta pankarta guztiak kentzea, edukia eta helburua edozein izanda ere. Ez gara hitz egiten ari parte hartze prozesu baten bitartez espazio publikoa arautzeaz, baizik eta, zuzenean, debekuaz". Eta jakinarazi du otsailaren 22tik sistematikoki aplikatzen ari dela debekua, "egunero kentzen direlako pankartak eta kartelak". Kalea bitartekaririk gabeko komunikazio espazio bakarra dela defenditu du Lopezek, eta horrelako erabaki bat ezin dela inposatu. Eta kritikatu du gizarte, kultura edo politikako mezuak zikinkeriarekin lotzeko egindako ariketa: "TSko langileen eskubideen aldeko pankarta bat, edo eraso sexisten aurkakoa zikinkeria dela ezin da onartu. Marra gorri bat gainditu da".

Oier Korta:

Alkateak ukatu egin du marra gorri bat gainditu denik, eta gogorarazi du aurreko Udal Gobernuak ere kentzen zituela pankartak kaletik. "Orduan ostegunetan eta astelehenetan egiten zen, inon idatzi gabeko itun batean oinarrituta. Lehen egun batzutan egiten zena orain egunero egiten. Ez dakit zer marra gorri gainditu dugun. Kalea guztiona da, baina etxebizitzetako fatxadek jabeak dauzkate. Baimenik eskatzen al zaie kartelak edo pankartak jartzeko?". Herriko zubietan jartzen diren pankartak ere aipatu ditu Kortak: "Pankarta horiek errioan amaitu izan dute. Faktore asko dira azkenean, txukuntasuna, ingurumena errespetatzea, eta segurtasuna ere bai". Eta istripuak gertatu izan direla aipatu du: "Trafiko istripuak gertatu dira errepide ondoan jarritako pankartengatik, eta horiek izen abizenekin daude jasota". Azkenik, ukatu egin du neurria adierazpen askatasunaren kontra doanik. "Ezker Abertzaleak agintzen duen udalak badaude ordenantzak dauzkatenak eta ez da ezer gertatzen".

Axier Lopez:

Lopezen iritziz, egokiena litzateke gaia lasai eztabaidatzea denen artean. "Zuek erabaki duzue zigorraren bidea hartzea, isunak egongo direlako. Hori da mutur bat. Beste muturra izan daiteke pankartak betirako uztea, inoiz ez jasotzea... Tartean aukera asko daude. Espazio publikoa denon artean antolatzea, eta gaiaz eztabaidatzea da interesgarriena".