Zumaia patrikan Baleikeren aplikazio berriarekin

Baleike 2016ko mar. 18a, 16:39

Mugikorretarako aplikazioa sortu dugu, informazioa eta zerbitzuak eroso jaso eta Baleike bide eta aukera berrietara egokitzeko. Doan eskura dezakezu, App Store eta Google play dendetan.

 

Telefono mugikorrak ia denerako erabiltzen ditugu gaur egun. Baleike.eus webgunera egiten diren kontsulten ia erdia telefonotik egiten dira. Gure plataforma digitala prestatuta dago edukiak edozein gailutara egokitzeko –ordenagailuak, tabletak, telefonoak...–, baina mugikorretarako propio sortutako aplikazioek beste aukera batzuk eskaintzen dituzte eta horiei ere heldu nahi izan diegu.

Hedabide txikiontzat orain arte ametsa zen aplikazio propioa edukitzea, garestia baita halako tresnak garatzea eta etengabe eguneratuta mantentzea. Baina Tokikomen eskutik posible izan da tokiko hedabideon beharretara egokituta aplikazioa sortzea. Lehen bertsio honetan, tokiko lau hedabidek eman dugu urratsa: Erran.eus (Nafarroako mendialdea), Anboto.org (Durangaldea), Goiena.eus (Debagoiena) eta Baleike.eus.

Aplikazioan aurkituko dituzu webguneko ohiko atalak: albisteak, agenda, webkamera, komunitateko edukiak, eguraldia, eskelak, bideoak, argazkiak... Baina horiez gain, Zumaiako Gida, zuzenean telefonoz deitzeko aukerarekin; albiste edo eskela berrien abisua mugikorrean jasotzeko aukera; erabiltzaileak Baleikera edukiak erraz eta era pribatuan helarazteko aukera: hau edo bestea gertatu dela, edo oharren bat, argazkiren bat...

Orain aurkeztu dugun aplikazioa lehen bertsioa da eta bide osoa du aurretik, hobetzeko eta garatzeko. Edukiak pertsonalizatzeko aukera zabaltzen dute aplikazioek, eta hori da aurrerantzean jorratu nahi dugun bidea: zure neurrira egindako Baleike.

Baleike aplikazioa eskuratzeko:

Plataformak: IOS eta Android
Non eskuratu: App Store eta Google play (doan).
Bilatu: Baleike

Codesyntaxek garatua.