Meskitak ateak irekiko dizkie herritarrei igandean bertan egiten diren jardueren berri emateko

Baleike 2016ko mar. 16a, 17:42

Bakea kultur elkarte islamikoak San Jose kalean duen meskitako ateak irekiko dizkie herritar guztiei eta, bereziki, goiko plaza inguruan bizi direnei, bertan egiten dituzten jardueren berri emateko. Igandean goizeko 11:00etatik 13:00etara bitartean burutuko da ekimena. 

Zumaiako musulmanak elkartzen dira bertan. Eguneko errezuak egiteaz gain, arabiera ikasteko aukera ere izaten dute haurrek. "Zumaiarrak gara eta musulmanak. Igandeko ekitaldi honen bitartez gure kultura eman nahi dugu ezagutzera", azaldu du Mussin Akrikezek. 

Hasteko, hitzaldi txiki bat izango da eta ondoren tea eta pasta arabiarrak emango zaizkie bertara hurreratzen diren guztiei. 

Meskitaren inguruko erreportajea argitaratu genuen 2015ko otsaileko Baleike aldizkarian. Hemen irakurri dezakezue.