Zapore gazi-gozoa Sevillan jokatutako Espainiako neguko txapelketan

Baleike 2016ko mar. 16a, 13:07

Ostiralean abiatu ziren Itxas-Gaineko kideak Sevillara, asteburuan bertan jokatu zen Espainiako Neguko Txapelketan parte hartzera. Itxaropen handiak zituzten, baina lortutako emaitzek zapore gazi-gozoa utzi zioten.

Sevillara arratsaldean iritsi eta lehen gauza uretara joan ziren, Guadalquivirreko urarekin kontaktua hartzeko. Bueltatxoa eman ondoren, atseden hartzera joan ziren.
 
Larunbat goizean 2000 metroko kanporaketak jokatu ziren. Kanporaketa honetan 70 onenak sailkatzen ziren 5000 metroko finalerako. Imanol Txapartegi izan zen parte hartzen lehena. Kadete mailan, 70 postu horietatik 30 lehen urtekoentzat izaten dira, baina Imanolek ezin izan zuen 43. postutik pasa. Hala ere, Espainia mailako bere lehen txapelketa izanik gustura zen.
 
Juniorren ordua iritsi zen gero. Hemen ere, Mikel Casquero eta Felix Urangak ez zuten egunik onena izan eta 107 eta 111. sailkatu ziren hurrenez hurren. 
 
Senior emakumezkoetan, Irati Osak hartzen zuen parte. 2000 metroko sailkapen lasterketa gainditzea lortu zuen, 50. postuan. Lehen urteko seniorra izanik pozik egotekoa da, baina bazekien 5000 metroetan hobeto moldatzen dela eta aurrerago bukatzeko aukera izango zuela. Hala, 29. postuan sailkatu zen, oso gustura egoteko postua.
 
Senior gizonezkoetan, lau partaide zituen Itxas-Gainek. Iñigo Peñak sailkatze proban azken urteetan lehen postuetan ibili ondoren aurten 6. postuarekin konformatu behar izan zuen. Ez zuen zergatia asmatzen, ez omen zuen sentsazio onik aurkitzen esan zuen eta igandean ere antzerako ibili zen. Gainera, Kayak Tudense klub indartsuko kideek lasterketa elkarri lagunduz egin zuten hasieratik bukaerara eta bakarka talde osoari heldu behar izan zion. Azkenean 8. postuan sailkatu zen.
 
Beste hiru kideak, Imanol Barruetabeña, Unai Gereka eta Martin Egaña ziren, hirurak ere lehen urteko seniorrak. Joaterako bazekiten oso zaila izango zutela sailkatzea eta han baieztatu egin zen. Imanol hiruretan lehena izan zen; 81. postuan heldu zen, sailkatzeko denboratik 5 segundura. Unai eta Martin, 105.a eta 109.a izan ziren, hauek 15 segundura. Hala ere esan beharra dago urte olinpikoa izanik maila oso altua zegoela.
 
Junior neskek eta beteranoek larunbat arratsaldean izan zuten saioa. Hauek sailkatze probarik ez dute pasa behar izaten. Junior nesketan Amaia Ortiz de Zaratek eta Helene Carmonak hartu zuten parte. 16. eta 57. izan ziren. Biak ere lehen urteko juniorrak direla kontuan hartuta gustura egoteko moduko emaitzak dira.
 
Beteranoetan, Xabier Osa eta Bernardo Floresek hartu zuten parte. Xabier laugarren izan zen eta Bernardo berriz, 31.
 
Denetariko emaitzak lortu arren, guztiak ere gustura itzuli ziren etxera egindako lanarekin. 
 
Larunbatean, Zumaian
 
Hurrengo lasterketa asteburu honetan izango da Zumaian arratsaldeko hiruretan hasita. Oraingo honetan txikitxoenen ordua izango da. Benjamin, alebin eta infantil mailako lasterketak izango dira.