Oikiako eskolako haurrek Musika Eskolako klaseak izango dituzte apiriletik aurrera

Baleike 2016ko mar. 15a, 20:13

Ikasleak, gurasoak eta ikastetxetako arduradunak, goizean Oikian egin den aurkezpen ekitaldian. Argazkia: Sara Utrera

Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolak Zumaiako auzoetara eramango du bere eskaintza. Apirilaren 6tik aurrera Oikiako eskolan ere musikari lotutako klaseak emango ditu. Txori Txikiko zuzendaritzak onartu duenez, proposamenak espero baino erantzun hobeagoa izan du.

Apirilean hasi eta ikasturte amaierara arte luzatuko den ekimen honen hazia Plan Estrategikoa osatzeko antolatu diren bilera batean landatu zen. “Planaren lehen bilera izan genuenean, Oikiako eskolako zuzendari Itziar Garciarena izan nuen taldean”, du gogoan Txori Txikiko zuzendari Sofia Oriak. “Oikiako ikasleek Zumaiara etortzeko zituzten arazoak zituzten aipatu zizkidan eta haren ondoren sortu zitzaigun Oikian klaseak emateko ideia. Beraiek guregana etortzeko arazoak bazituzten, zergatik ez joan gu beraiengana klaseak ematera, eguerdiko tarteak aprobetxatuz”. ‘Okurrentzia’ Itziarri komentatu ziola dio Oriak, “bere iritzia jasotzeko”. “Ideia oso ona iruditu zitzaion eta horrelaxe jarri genuen proiektua martxan, ilusio handiarekin denon partetik”. 

Esan bezala, saioak apirilaren 6an hasiko dira eta ikasturtea amaitu arte iraungo dute. Klaseak 12:30etik 14:30era bitartean emango dira eta eskaintza honakoa izango da: taldeka, Musika Tailerra (4-6 urte) eta Musika Mintzaira (7-12 urte); eta instrumentuetan, trikitixa eta panderoa, pianoa, akordeoia, saxofoia, zeharkako xirula, gitarra klasikoa, elektrikoa eta baxua, tronpa, tronpeta, tronboia eta oboea.

Jaso duten erantzuna izugarria izan dela azpimarratu du Sofia Oriak. “Ez genuen halakorik espero! Gurasoekin bi bilera izan ditugu eta hauek garbi esan zuten aukera aprobetxatu behar zela. Oso pozik gaude guztiok”.

2015-2016 ikasturtean 4 urtetik aurrerako haurrengana zuzendu badira ere, hurrengo ikasturteta begira helduekin eta jubilatuekin ere proba egiteko asmoa dutela adierazi du Txori Txikiko zuzendariak. “Gure helburu nagusia ahal den pertsona gehiengana iristea da eta musika ikasi nahi duen guztiek horretarako aukera izatea”.