Agindutako diru-laguntza eman dio Futbol Federazioak Udalari

Baleike 2016ko mar. 15a, 14:02

Gipuzkoako Futbol Federazioak agindutako 100.000 euroko diru-laguntza jaso zuen atzo Zumaiako Udalak. Diru hau kiroldegiko eta Aita Mari futbol zelaiko azpiegiturak hobetzeko erabiliko da.

Zumaiako Udalak “esker onez” jaso zuen atzo arratsaldean, Gipuzkoako Futbol Federazioak emandako diru laguntza. Juan Luis Larrea Federazioko lehendakariak eman zion txekea Oier Korta alkateari. Laguntza honen eskaera Zumaiako Futbol Taldeak bideratu zuen duela urtebete, Udalak, futbol zelaiaren belarra guztiz aldatu eta berria jarri ostean. 

Hori dela-eta, Zumaiako Udalak eskerrak eman dizkio kirol elkarteari eta honen zuzendaritzari beren kudeaketa lanarengatik eta lortutako laguntzagatik.

Udalak jakitera eman du jasotako diru hau herriko kiroldegiko azpiegiturak hobetzera zuzenduko dituela. Diru kopuru handiena ur beroaren instalazioa aldatu eta berritzeko erabiliko da, kiroldegiak “osasun irizpide hoberenak” bete ditzan. Gainera, azpimarratu duenez, berrikuntza honi esker, energia aurrezki garrantzitsu bat ere lortuko da. Honez gain, futbol zelaian ere hainbat hobekuntza egingo dira bertako erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.

Garai korapilatsua

Juan Luis Larrea Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteak azaldu duenez, futbola garai korapilatsuan murgilduta dago. "FIFAko hauteskundeak egin dira eta UEFAkoak ere egin behar dira. Azken honetarako ez dago eguna zehaztuta, aurten Eurokopa ere jokatuko delako. Hala ere, giroa nahastuta badago ere, emandako hitza bete nahi izan dugu eta aurretik genuen diru kopuru bat erabili dugu laguntza hau emateko".