Tindoufera doaz Darahliko hiru kide, lankidetza proiektuari bultzada ematera

Baleike 2016ko mar. 14a, 17:32

Hamar egun egingo dituzte Zumaiarekin anaikidetuta dagoen Zug herrian, laguntza banatu eta martxan dauden proiektuei jarraipena egiteko.

Zumaiak Zug herriarekin daukan lankidetza konpromisoari jarraipena ematera doaz Darahliko kide Idurre Peña, Amaia Ruiz eta Haizea Alvarez. Ostegunean abiatu eta martxoaren 27an bueltatuko dira.

Senidetze proiektuaren barruan, behar handia dutelako aurrez aukeratutako 46 familiek gutuna eta diru laguntza jasoko dute. Zumaian otsailean bildutako dirua erabiliko da horretarako. Sendagaien proiektuari dagokionez, Zumaian eta inguruko herrietan bildutako hiru kaxa bete sendagai eramango dituzte Ausserdeko erietxera. Eguzki plaken proiektuaren jarraipena egiteko ere aprobetxatuko dute bidaia.

Bestalde, 2015eko abenduan 91 familiak adobezko etxebizitza galdu zuten uholdeen ondorioz. Zumaian 12.000 euro bildu eta laguntza modura bidali zitzaien; berreraikitze lanak nola doazen ikusteko aukera izango dute Darahliko kideek.