Goiz ibiltzearen ordaina

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Azkue Ibarbia 2016ko mar. 11a, 10:55

Gaur goizean ere oso goiz jaiki naiz saltaka egiteko. Seietan kalera irten naizenean, motor-soinua entzun dut ibaialdean. “Anguletan”, pentsatu dut. Arranpla aldera joanda, ikuskizuna zirraragarria izan da: Grampian Fortress itsasoratzen.

Hemen bertan irakurri ahal izan genuen itsasoratzekoa zela asteazkenean (hemen), baina azkenean ez zen irten (pentsatzen dut itsaso txarrarengatik).

Ilunpetan, bi foku handi piztuta zeuzkala ibaiaren bazterrak argitzeko, aurretik erremolkadore bat eta atzetik beste bat, itsasaldera egin du, poliki-poliki, isiltasunean motorren soinua besterik ez, inor esnatzeko beldurrez bezala. Atzealdeko argi guztiak ere piztuta zeuzkan, eta izugarria izan da ikustea nola joan den ibaian behera, tente-tente eta harro itsasgoran.

Talaipe ondoan, Rikar ikusi dut argazkiak ateratzen, eta hark bidali dit hau. Eskerrik asko!