Elkartrukeek ez dituzte mugak ezagutzen

Baleike 2016ko mar. 10a, 18:16

Zumaiako Institutuko eta Zuberoako Sohüta herriko ikasleak elkatrukea ari dira burutzen. Aste honetan Zumaian izan dira Iparraldekoak eta bihar bertara joango dira zumaiarrak.

Kultura, ohitura eta hizkuntzak ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen dute elkatrukeek. Hala, aste hauetan, Zumaiako Institutuko DBH 4ko ikasle talde batek Zuberoako Sohüta herriko Pays de Soule ikastetxeko ikasleekin egoteko aukera dute. Iparraldekoak astebetez izan dira Zumaian eta bihar zumaiarrak joango dira Zuberoara beste astebe igarotzera.

Zuberotarrak jarri ziren harremanetan zumaiarrekin elkartruke hau burutzeko asmoarekin, azaldu dute Zumaiako Institutuko irakasle Marilui Albizuk eta Sohutako eskolako irakasle Isabel eta Pettanek. «Elkartruke hau egiteko gogoa genuen eta Hegoaldeko eskoletara deika hasi ginen. Zumaiakoek eman ziguten baiezkoa», dio Isabelek. «Guk aurretik egin ditugu elkartrukeak, Danimarkako eta Hanburgoko eskolekin, adibidez, beti ere ingelesa ardatza zela», gaineratu du Marialuik. «Gonbitea jaso genuenean, hasieran, frantseseko ikasleekin egitea pentsatu genuen, baina ez genuen nahikoa jende. Hori dela-eta, elkartrukearen ideia aldatu eta honen ardatza ura izatea erabaki genuen».

Gai horren inguruan, frantsesez eta euskaraz, hainbat gairen inguruan lanketa bat egin nahi izan dute: energía berriztagarriak, araztegia, zentral hidraulikoak, balea-arrantza… Zumaian igaro duten astean harraldera joan eta flyscha ezagutzeko aukera izan dute. «Han aski ezaguna den fenomenoa da flyscha eta elkartruke honetan ikasleak bertara eraman nahi nituen», argitu du Pettanek.

Pays de Soule eskola publikoa da; Irakaskuntza orokorra eta teknikoa eskaintzen du eta ikasleen% 60a bertakoa da eta beste 40a Pirineo Atlantikoetakoa eta Landetakoa. «Elkartruke honetarako euskara zekitenak baino, gai hauek ikasten ari zirenak ekarri ditugu». Zumaiako egonaldia bertako ikasleen etxeetan egin dute eta beraien artean komunikatzeko gaztelera, frantsesa eta ingelesa erabili dute.

Zumaiako 29 ikasle joango dira bihar Sohütara: hauetatik 26 ikasleen etxeetara joango dira eta beste hiruek eskolak duen barnetegi batean pasako dituzte gauak. Ekimenean aztertzen ari diren gaiarekin lotuta, zentral hidroelektriko bat bisitatuko dute. Denbora badute, maskarada bat ere ikusiko dute.