Esti Curiel: “Min egiten diguten gaiez hitz egitea beti da onuragarria”

Baleike 2016ko mar. 9a, 18:13

Bitartekaria, biktima eta kaltegilea. Haren begiak. Bestearen begiak. Zeintzuk dira gehiago: besteekin lotzen gaituzten gauzak ala besteengandik bereizten gaituztenak? Gai horiek lantzen ditu Proyecto 43-2 konpainiak La mirada del otro antzezlanean. Lan hau bihar, osteguna, aurkeztuko da Donostiako Antzoki Zaharrean, DFeria egitasmoaren baitan. Antzezleen artean Esti Curiel zumaiarra dago. 

Antzezlan honen eta etorkizunera begira dituen proiektuez hitz egin dugu. Estreinaldiarekin baino, bertara inguratuko den jendearekin dago urduri, “gatazka hau bizi izan duen jende asko izango da-eta bertan”.

Biktima baten eta ETAko kide baten elkarrizketetan oinarritzen da lana. Nola eraman da antzezlan honetara?
Antzezlana 2011. urtean izan ziren ekimen batzuen isla da. Langraiz Okako gartzelan ETAko disidente diren preso talde bat dago, eta talde horretako preso batzuen gogoz hasi zen ekimena. Elkarrizketa hauek guztiz boluntarioak izan ziren bi aldetatik eta presoek ez zuten inolako onurarik edo faborerik lortu bertan parte hartzeagatik. Honen atzean lantalde bat egon zen, bai presoekin, baita biktimekin aurrelan bat eginez eta kasu batzuetan, elkarrizketaren unean ere bertan egonaz. Gai gordina da, bai, baina benetan gertatu ziren topaketak izan ziren, eta elkarrizketa horietan parte hartu zuten guztiek oso positiboak izan zirela esaten dute. Norbaitek pentsatuko zuen honek garrantziarik ez zuela, gizarteak honen berri ez jakitea hobe zela eta ia ez dugu inork ezagutzen topaketa hauek gertatu zirenik ere. Garrantzia badutela eta ahalik eta jende gehienak ezagutzeak onurak ekar ditzakelaren ondorio izan daiteke antzezlan hau. Benetako protagonistentzat ekintza positiboak izan baziren, besteoi ere onura egingo digula uste dut. Kalterik ez, behintzat.

Nola inplikatu zara antzezlan honetan?
Antzezlan hau 2015eko apirilean estreinatu zen, baina ni aurtengo urtarrilan sartu naiz lanera, konpainiako aktore baten ordezkapena eginez.

Proyecto 43-2 konpainia Euskal Herriari buruz egiten ari den trilogia baten bigarren zatia da. Nondik sortzen da trilogia hau? Zu besteetan ere sartuta zaude edo egongo zara?
María San Miguel da konpainiaren buru eta bere behar bati erantzuten sortzen da trilogia. Antzerkiak gizartean izan dezakeen gogoeta ahalmena landu nahi zuen eta Euskal Herriaren kasua aukeratu zuen horretarako. Sei urte baino gehiago daramatza Euskadira etorri eta pentsamendu desberdineko jendeari elkarrizketak egiten. Lehenengo antzezlanean ez nintzen egon eta hirugarrenean… batek daki. Buruan du nondik nora joango den, baina oraindik nik ez dut berarekin hortaz hitz egin.

Euskal Herritik kanpoko konpaina batek burutu du antzezlana. Bitxia da.
Beno, batzuetan bertakook gertuegi dugu gaia. Onerako eta txarrerako.

Nola landu duzu zure papera? Bitartekari lan hori burutu duen inorekin elkarrizketatu al zara?
Antzezlanean preso bat, biktima bat eta bitartekari lanak egiten dituen abokatua daude. Nik hirugarren pertsonaia hau antzezten dut. Antzezlana estreinatu aurretik konpainiako kide guztiek topaketetan inplikatutako jende ugarirekin elkarrizketak izan zituzten eta baita hauek grabatu ere. Ni orain sartu naizenez, bideoak ikustearekin konformatu behar izan dut papera lantzeko. Baina pisxkanaka ari naiz benetako zenbait protagonista esagutzen.

Urte batzuk pasa dira ETAren armak uztearen erabakitik. Gai hauek lantzeko garaia heldu dela uste al duzu?
Min egiten diguten gaiez hitz egitea beti da onuragarria, nere ustetan, eta gertatutakoez hitz egiteak aurrera begiratzen laguntzen digu. Herri honetan asko sufritu da, alde guztietatik. Ikuspuntu asko daude eta bizipen desberdin asko. Pixkanaka denak kontatzen joan beharko gara elkarrekin bizikidetza hobeago bat lortzeko.

Batzuk badirudi ez dutela hala uste: zentsura ere egon da herriren batean...
Bai, beno, badirudi Huelvako herri batean atzera egin dutela; udaratik zuten ikuskizuna itxita eta bat-batean… ezezkoa. Badirudi ez dutela sipnosia irakurri edo beraien esku dagoen bideoa ikusi, non argi geratzen den elkarrizketa bidezko elkarbizitza batengatik apustua egiten dugula.

Bestela, orain arte zer harrera izan du?
Ba egia esanda, oso ona. Jendea harrituta geratzen da eta gauzak beste puntu batetik ikusteko ahalegina egiten du. La mirada del otro, hor izenburua...

Maixabel Lasaren oniritzia jaso duzue. Bultzada izango zan zuentzako.
Bai noski, elkarrizketa hauetan parte hartu dutenen oniritzia izateak laguntzen du, bestela egiten dugunak zentzua galduko luke. Lehengo udaberrian Eibarren izan ziren antzezlana egiten (lehen aldiz egiten zuten Euskal Herrian), eta bertara biktima, bitartekari eta baita preso batzuk ere hurbildu ziren, hauetako batzuk kartzelatik baimena eskatuta. Antzezlana ikusi ondoren beraiek bizitakotik oso gertu zegoela esan zuten. Nik dakidanez testuaren %90a protagonistekin izandako elkarrizketetan ateratako esaldi edo ideietatik dator eta beste %10a antzezlanaren estrukturan laguntzeko sortutakoa da.

Donostian aurkezten duzue orain. Zer espero duzue?
Bai, ostegunean, martxoak 10, arratsaldeko 19:00tan Donostiako Antzoki Zaharrean dugu emanaldia, DFeria-ren barne. Gainera, ikuskisunaren ondoren nahi duenak solasaldi batera geratzeko aukera izango du. Aukera hau DFeriako buruek eskaini ziguten eta bertan Jaime Otamendi izango da moderatzaile lanetan eta Maixabel Lasa eta Eduardo Santos (topaketetan mediadore izandakoa) izango dira gurekin.

Euskal herrian beste harrera bat izango duela uste duzu?
Nire kideek antzeztu dute jada Eibarren, Bilbon eta baita Gasteizen ere. Neretzako lehen aldia da, ordea, Euskal Herrian eta esan behar dut urduri nagoela, bai. Ez dakit zer erantzun izango duen ezta zer kritika iritsi ahal zaizkidan, baina denak entzuteko prest nago. Hortan datza antzezlan honek, bestearen begietan jarri eta ea zer ikusten duzun... interesgarria da beti besteen ideiak entzutea.

Ez da hau agendan duzun antzezlan bakarra.
Oraintxe hasi naiz Trapu Zaharra taldearekin lanean, Ongietorri Findemundó antzezlanarekin. Martxoaren 18an estreinatuko dut Ugaon. Antzezlan honetan ere ordezkapen bat egiten ari naiz. Mikel Laskurainekin batera Miren Gaztañagak egiten zuen antzezlana, eta orain ni sartu naiz Mirenen papera egitera. Santi Ugaldek zuzentzen du umorez beteriko ikuskizun hau. Amona eta biloba gara, bai, Mikel nere amona, eta Euskal Herriko kaleetan ibiliko gara. Herritik gertu ere izango gara Azkoitian eta baita Deban ere.

Bestela, profesional bezala zer unetan aurkitzen zara.
Urtea oso ondo hasi dudala esan dezaket. Urtarrilean Madrilen La mirada del otro prestatzen ari nintzela deitu zidan Santik kale antzerkirako. Ordezkapenen urtea dela esaten deut txantxetan, baina paper berriak ere gustora hartuko ditut! Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolan ere antzerki ikastaroak ematen ditut. Lanerako gogoz nago eta datorkidanari irekita, nik neuk zerbait sortzeko gogoa ere hor dut buruan bueltaka... ea zer dakarkidan 2016 honek.