hIREKIn: "Eskubideak aldarrikatzetik gauzatzera egin nahi dugu jauzi"

Baleike 2016ko mar. 9a, 17:32

Hausnartze prozesu bat burutu ostean, martxan da dagoeneko hIREKIn izeneko proiektua. Egitasmoa bera aurkezteaz gain, bere web gunea ere erakutsi zuten Torreberri Gaztetxean egin zen aurkezpeneko asanbladan.

Herriko gazteen emantzipaziorako laguntza eskaini nahi duen proiektua bezala definitzen dute hIREKIn. "Egitasmoak lagungarri izan nahi du Zumaiako gazteen emantzipaziorako. Duela urte batzuk herrian etxebizitza eskubidearen alde gauzatutako dinamikaren testigua jaso dugu, egungo beharrei egokitu eta gazteen arteko elkarlana bultzatzeko. Horrela, eskubideak aldarrikatzetik gauzatzera egin nahi dugu jauziBadirudi gazteak eta prekarietatea halabeharrez elkarlotuta doazen hitzak direla, izenari abizena lotzen zaion bezala. Errealitatea halakoa delako ezin dugula lan baldintza duinik izan sinestarazi nahi digute, soldata txukun bat, bikotea eta “ohikoa” den bizi proiektu bat izan ezean, emantzipatu ezin garela sartu nahi digute buruan".

Pasa den neguan Gu gara giltza izenburuarekin egin zen hitzaldi-eztabaida zikloaren ondoren ohartu ziren "etorkizuna aurrez idatzia" esa dagoela. "Gazteok ez dugula zertan prekarietatea onartu eta gure eskuetan dagoena egin behar dugula prekarietatetik ihes egiteko".

Ziklo hartatik hona bitartean igarotako hilabeteetan gaiaren inguruan hausnartzen jarraitu dutela azaldu dute. "Airean geratu ziren galderei erantzuna topatu nahian jardun gara eta erantzun magikorik aurkitu ez badugu ere gazte zumaiarron emantzipaziorako lagungarri izan nahi duen proiektuekin gatoz".

Proiektu hau "Zumaiako gazteon prekarietate egoerari erantzuteko anbizioz" jaio dela nabarmentzen dute, "bai lan prekarioari, etxebizitza eskubideari, eta oro har egoera sozioekonomikoari erantzuteko gogo eta ilusioz".

Aholkularitza zerbitzua

Lehen proiektu bezala, informazio zein aholkularitza zerbitzua eskainiko duen web gunea garatu dute. "Besteak beste, alokairuaren, okupazioaren, lan eskubideen eta eskubide sozialen inguruko informazioa zabaldu dugu bertan. Bai informazio orokorra baita problematika zehatzen ingurukoa ere". Harremanetarako posta elektronikoko helbidea sortu dute hirekin@hirekin.org, "edozein zalantza argitzeko asmoz, bai eta proposamen edota ekarpenak egiteko ere". 

Honekin batera, aholkularitza zerbitzu fisikoa ere eskainiko dute Torreberri Gaztetxean. "Herritarrek beraien zalantzak argitzeko espazio fisikoa eskainiko dugu, etxebizitza, lana zein laguntza sozialen ingurukoa, oraingoz behintzat. Horrela, aholkularitza eskaintzeko lehenengo eguna apirilaren 19an jarri dugu, arratsaldeko 8etan".

Bestalde, aholkularitza zerbitzutik haratago, alternatiba propioak garatzen joatea eta horretarako tresnak sortzea dute helburu. "Ideia batzuk baditugun arren, jendearen interes eta beharrak aztertu nahi ditugu, proiektu errealen inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko asanbladak eginez".