Zumaia, indarkeria matxistarik gabeko herria

Zumaiako Berdintasun Foroa 2016ko mar. 8a, 11:11

Martxoaren 8 honetan (emakume) zumaiarrok BELDURRIK GABE gure herriko kalean lasai ibiltzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu, emakume guzti-guztiok: helduak, nagusiak, neskatxak edota gazteak izanagatik.

Batzuk zera esango dute: “zer diote emakumeek, hemen ez da halakorik gertatzen”, edota “kasu isolatuak besterik ez dira”. Baina ez, errealitatea bestelakoa da: adin ezberdinetako emakumeok beldurra sentitzen dugu Zumaiako zenbait kaleetan ibiltzerakoan, egoera jakin batzuetan edota ordu jakin batzuetan. Neskatilek txiki- txikitatik ikasten dute ezin direla kalean bakarrik ibili erasoak jasan baititzakete, eta beldurra gure barne- barnean iltzatzen da, ondorio horiek jaso ziren joan den urrian garatutako “Berdintasunerako Herria” tailerretan, adin ezberdinetako emakume zumaiarrek parte hartu zutelarik horietan.

“Zumaia herri lasaia da” esaten dute, baina Zumaiako edozein emakumek behin baino gehiagotan beldurra sentitu du bere eguneroko bizitza normalean. Etxera bakarrik zihoala, kalean komentario lizunak entzun ditu, edota atzera begiratu behar izan du, urduri, pauso batzuk entzutean. Nork ez du intseguritatea sentitu atari batean gizonezko ezezagun batekin topo egitean, edota erdigunekoa ez den kale batetik pasatzean? Noizbait mutilek, gizonezkoek halako intseguritaterik sentitu al dute emakumeekin topo egitean? Nahiz eta emakumeok presentzia irabazi dugun azken hamarkadotan, zergatik oraindik ere kaleek eremu intsegurua izaten jarraitzen dute guretzat?

Errealitateak erakusten digu oraindik ere kasu larriak gertatzen direla egunerokoan. Agureek neskatilei eraso egin dietela jakin dugu, oraindik ere ahozko eraso jasanezinak gertatzen dira egunerokoan, diskriminazioko jarrerak ikusten ditugu, botere harremanak, gailentasunezko eta menderakuntzako harremanak ikusten ditugu mutil eta nesken artean. Uste genuen jarrera horiek jada alboratu genituela jendartean, baina ez, hemen jarraitzen dute. Kontrol matxistako zantzuak ikusten jarraitzen dugu. Eta aipatutako eguneroko kasu horiek guztiak indarkeria matxistaren adibide errealak dira.

Halere, beldur honek ezin gaitu geldiarazi, hain justu kontrakoa, salatu egin behar dugu, aurre egin eta ezabatu betiko; ezin baitugu gure askatasunaren zentimetro txikiena lapurtzeari ere amore eman.

“Kaleak emakumeonak ere badira” aldarrikatzen dugunean, gizonezkoak kaletik ibiltzen diren lasaitasun berberarekin kaletik ibiltzeko aukera izatea exijitzen ari gara. Gizonezkoak emakumezko ezezagun batekin kale bakarti batean topo egitean, edota igogailu batean elkartzean ez dute beldurrik sentitzen. Baina “kalean lasai eta seguru” ibili nahi dugula aldarri egitean, zera azaldu nahi dugu: ez dugu nahi eta ez dugu behar Estatu errepresibo baten lasaitasun patriarkalik; ez dugu nahi polizia bat ertz bakoitzean; ez dugu botoi antipanikorik eraman nahi; ez dugu pipermin-gasik eraman nahi gure poltsetan. Errespetua, askatasuna, parekidetasuna exijitzen ari gara gure bizitzako arlo guztietan. Eta hori lortu ahal izateko, emakumezko eta gizonezko guztien parte-hartzea eta inplikazioa da beharrezkoa, askatasuna guzti-guztion ondarea dela ulertzen duten pertsona guztiok beharrezkoak gara borroka honetan.

Martxoaren 11 honetan, 19.00tatik aurrera Zumaiako kaleetan barna ibiliko gara, sinbolikoki puntu ezberdinak markatuko ditugu, guzti-guztiok gogorarazteko emakumezkook indarkeria matxistarik gabeko bizitza izateko eskubidea dugula. Eta benetako askatasun hori izateak, kalean barna beldurrik gabe ibiltzeko askatasuna izatea esan nahi du, egunak dituen 24 orduetan, urteko 365 egunetan eta espero dugu martxa honetan, askatasuna lortze bide honetan elkarrekin arituko garela. Martxoaren 8-ko plazatik aterako gara, Alondegiaren paretik.