Poza

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Azkue Ibarbia 2016ko ots. 26a, 16:13

Zarauzko Malekoiko tabernariak eta dendariak nola, halaxe egoten naiz, beldurrez, Euskalmetetik itsas denboralea iragartzen duten bakoitzean; nik, ordea, ez daukat tabernarik edo dendarik arriskuan; nire kezka edo beldurra beste bat da: kazetariek nola izendatuko dituzten Zumaia eta Getaria arteko harraldeko parajeak edo urautsiak, surflarien balentriak kontatzean.

Behin baino gehiagotan idatzi dut hemen, batzuetan haserre samar, Gipuzkoako egunkari salduenak Izustarri eta Planeria inguruak nola izendatu dituen ikusita. Gaurkoan, ordea, pozik idazten dut. Izan ere, idatzi hau dago “periodikoan”, “Una ola que le mete en la élite del surf”. Eta testuan… Izustarri erabili dute! Are gehiago: begira goiko argazkian testuan zer aurki daitekeen. Horrela jarraituz gero, igual hurrengoan Planeria irakurriko dugu, existitzen ez den hondartza horren izenaren lekuan...  Izustarri behar bezala idazteko, aurreko gure idatziek baino eragin handiagoa izango zuen, seguru asko, erreportajea beste kazetari batek (Borja Olazabalek) egiteak, baina, zer esango dizuet, poz handia hartu dut.

Hemendik aurrera igual ez gara hainbeste beldurtuko itsas denboraleekin…