"Eskerrak eman nahi dizkiet zumaiarrei 20 urte hauetan eman didaten babesagatik"

Baleike 2016ko ots. 26a, 11:08
Julia Junquera, Argi Sesmak egin dion panpinarekin. Argazkia: Goiz Argazkiak

Hogei urte egin ditu Julia Junquerak Zumaian ONCEko kupoiak saltzen, baina iritsi zaio erretiroa hartzeko garaia. "Zumaiar guztiei ezin diet banaka agur esan eta publikoki eman nahi dizkiet eskerrak, eman didaten babesagatik eta asko lagundu didatelako". Hogei urte hauetan bi aldiz eman du Junquerak sari nagusia.

Zumarragan bizi da, baina azken 20 urteotan Zumaian egin du eguneroko bizitza. "Egunero etorri naiz Zumaiara kupoiak saltzera, eta hemen jaso dudan harrera ezin hobea izan da. Hemen hasi nintzen kupoiak saltzen eta hemen amaituko dut. Urte guzti hauetan zumaiarrek erakutsi didaten babesa ez dut inoiz ahaztuko. Jarraituko dut Zumaiara etortzen, baina ez kupoiak saltzera, paseatzera etorriko naiz". Zumaiar guztiei banaka eskerrak ezin eman eta publikoki adierazi nahi izan du Junquerak bere esker ona.

Hogei urte hauetan bi aldiz eman du ONCEko sari nagusia, 2002an eta 2009an, eta beste sari txikiago batzuk ere bai. "Kasu guztietan saridunak oso ondo portatu dira nirekin, detaile oso politak izan dituzte". Bidali digun argazkian Argi Sesmak egindako panpina dauka eskutan. "Papin hau egin zidan; ni neu naiz, kupoiak saltzen".