“Zergatik dio Bilboko alkateak Bilbon euskaraz bizitzea jarrera erradikala dela?”

Baleike 2016ko ots. 25a, 12:18

Bilbon hilabetez euskara hutsean bizitzeko ariketa egin zuen Lutxo Egiak iaz. Esperientzia hartako bizipenak eta atera dituen ondorioak kontatu zituen atzo Euskara, bestela ez gara zikloan.

 

Performance-a hasi aurretik atera zuen lehen ondorioa Lutxo Egiak (1969, Santander): “Jendearentzat erokeria da Bilbon euskaraz bizitzea”. Hori izan omen zen emaztearen eta lagunen erreakzioa bere asmoen berri eman zienean. “Hiztuna bihurtzen da funanbulista bat, beti amilegiaren ertzean”.

Ekainaren 11n ekin zion esperimentuari: hilabete euskaraz hutsean, eta tarteka ingelesez, “azken hiru edo lau urteotan ingelesak leku itzela hartu duelako espazio sozialean; Alde Zaharreko ostalaritzan aurre hartu dio euskarari”.

Denetariko egoerak bizi izan zituen. “Asko eragiteko aukera izan nuen, eta gehienetan emaitza positiboa izan zela esan nahi dut. Talkak saihestu egin nituen beti”. Ezustekorik ere izan zuen. “Performance-aren laugarren egunean edo, etxe azpiko kebabean sartu nintzen. Ordura arte hango marokoarrarekin beti gazteleraz egin nuen, baina performance-an denekin euskaraz egin behar. Hasi nintzen euskaraz eta, bat-batean, berak ere euskaraz erantzun... Askotan geuk ukatzen dugu hizkuntza erabiltzeko aukera”.

Beste egun batean administrazioarekin egin zuen proba. Leihatila batean 24 orduz jendeari arreta egiteko aukera izan zuen: “Errazegia litzateke funtzionario erdaldunaren bila joatea, eta beste ariketa bat egitea erabaki nuen: egun batez, funtzionario euskaldun izatea. Aukera izan nuen Bilboko leihatila batean egoteko. Lehen hitza denek erdaraz egin arren, neuk euskaraz erantzuten nien, eta euskaraz jarraitu. Ia denek ondo hartu zuten. Erdaldunek galdetzen zidaten ea gazteleraz ez nekien, ea inor ez zegoen bulegoan gazteleraz zekienik? Hori da euskaldunon egoeraren ispilua”.

Lagun artean ere izan zuen eraginik bere ariketak. “Adibidez, lagunentzat putada bat zen ni larunbateko poteora agertzea, faktore desorekatzailea nintzen beraientzat. Baina eragin ona ere izan du: lagun peruar batek euskara ikastea erabaki du”.

Performance-a, orohar, “esperientzia surrealista” izan zen Egiarentzat. “Bilbon euskaraz bizi daiteke, baina oso modu prekarioan, komunikazio maila oso eskasarekin”. Eta gogora ekarri zituen Aburto alkateak performance-ari buruz esandakoak: “Bilboko alkateari galdetu zioten nire performance-ari buruz, eta erantzun zuen nire jarrera erradikalarekin ez goazela inora. Zergatik dio alkateak Bilbon euskaraz bizitzea jarrera erradikala dela?”.

Ondorio modura, “euskaldunak baino, transeuskaldunak” garela dio Lutxo Egiak. “behartuta nago etengabe transitoak egitera. Ezin dut nire bizitza osoa euskaraz gauzatu, kondenaturik nago transitoak egitera, euskaratik erdarara”.