Metal topaketak 2016, Zumaiatik mundura

Baleike 2016ko ots. 16a, 20:00

Metalezko instrumentuen inguruan Europan dauden jotzaile onentsuenak izango dira martxoaren 11tik 13ra Zumaian. Zumbrass ekimenaren baitan masterclass-ak eman eta Musika Eskoletako kideekin biltzeaz gain, kontzertuak emango dituzte.

Tronpetak, tronboiak, tronpak eta tubak osatzen dute metalezko instrumentuen familia. 2010. urtetik hona, metal topaketak antolatu izan dira Zumaian musika instrumentu hauen irakaskuntza bultzatu eta, horri lotuta, Zumaiako Udal Musika Bandan (ZUMB) instrumentu hauen jotzaile kopurua handitzeko. Helburu hauek neurri batean beteta, nahiz eta oraindik ikusten duten badagoela zer hobetua, jardunaldien antolatzaileak prest daude salto handi bat eman eta topaketa hauek beste dimentsio batera eramateko. 

Hala, martxoaren 11tik 13ra bitartean Zumbrass izenarekin bataiatuak izan diren VII. topaketak egingo dira eta Europa mailan instrumentu hauen inguruan dauden jotzaile garrantzitsuenak hurbilduko dira Zumaiara. Egun horietan ikastaro profesionalak eskainiko dituzte eta Euskal Herriko musika eskoletatik etorritako ikasleekin ere bilduko dira. Herritarrek eta musikazaleek izango dute hauen maisutasuna entzuteko aukera, asteburu horretan egingo diren kontzertuetan ere parte-hartzaile izango baitira.

Iazko topaketak amaitu eta berehala hausnarketa prozesua hasi zuten Musika Eskolako eta ZUMBeko arduradunek. Norabide aldaketa bat beharrezkoa ikusten zutela azaldu zuten atzo Luis Orduña eta Jose Mari Azkue ikastaroen zuzendariek eta Silvia Merinok, Musika Eskolako ikasketa buruak. "Hasierako helburu haiek bete ondoren, aurten beste formatu bat izango dute topaketek eta musikari profesionalentzako masterclassak emango dira", azaldu du Merinok Alondegian egindako prentsaurrekoan.

"Luisek eta biok askotan hitz egin izan dugu honi buruz. Eskaintza zabaltzea beharrezkoa ikusten genuen Zumaia metalezko instrumentuen planoan jartzeko", gaineratu du Musika Bandako zuzendari den Azkuek.

Formatu berri honetako ikastaroak bi taldetan banatuko dira: ostiralean, larunbatean eta igandean musikari profesionalentzako masterclassak emango dira; larunbatean, berriz, Musika Eskoletako ikasleentzako jardunaldiak izango dira egun osoan.

"Ikasle kopuru handiagoa izateaz gain, Zumaia metalezko instrumentuen munduan erreferente bihurtzea ere bada helburua", azpimarratu du Luis Orduñak. Klaseak ematen Danimarkatik, Suitzatik eta Alemaniatik etorritako irakasleak izango dira. "Ez da batere erraza izan jende hau hemen izatea lortzea. Beraien agendak dituzte eta hauek guztiak egun berean toki batean egokitzea, oso zaila da. Rubiken kubo bat begiak estalita dituzula egitea bezala izan da. Ezinezkoa zirudien baina azkenean denak bat egin du".

Irakasleen izenak aditzera eman eta berehala hasi ziren deiak jasotzen. "Bizpahiru egunean tronpeta eta tronboirako lekuak bete ziren eta orain itxarote-zerrenda dugu. Tronpa eta tubarako badaude tokiak", adierazi zuen Azkuek. Zaragozako eta Castellóko ikasle batzuk izan ziren izenak ematen lehenak.

Izenak www.zumaia.eus web gunean eman daitezke, Zumbrass 2016 izeneko txokoan. Masterclassetako matrikula 60 eurokoa izango da zumaiarrentzat eta 100 eurokoa Zumaiakoak ez direnentzat. Musika eskoletako jardunaldien kasuan, zumaiarrak ez direnek 30 euro ordainduko dituzte eta herritarrek 15. Azken honetan bazkaria ere sartuko da.

Hiru kontzertu

Kontzertuak ere izango dira Zumbrassak irauten dituen hiru egunetan: martxoaren 11n, maixuen kamera musikako kontzertua izango da; hilaren 12an musika eskoletako eta ikasle profesionalena; eta hilaren 13an Frits Damrowena, "mundu mailako tronpeta-jole garrantzitsuenetakoarena. Hiru kontzertuetan eta ikastaroetan izango ditugu egungo instrumentista onentsuenak. Horrek ekarriko du metalaren zabaltzea", Jose Mari Azkueren ustetan.

«Zine jaialdi batera Coppola etorriko balitz bezala»

Gehiengo batentzat izen ezezagunak badira ere, arduradunek nabarmendu nahi izan dute ikastaroak ematera etorriko diren irakasleen maila. Tronpeta irakaslea Frits Damrow izango da, Zuricheko Arteen Unibertsitateko irakaslea; tronboikoa Jamie Williams, Berlingo Operako tronboi nagusia; tronpako irakaslea Lisa Maria Cooper izango da, Aarhuseko (Danimarka) Orkestrako tronpa bakarlaria; tubakoa Pablo M. Fernandez, Bartzelonako Orkestrako tuba-jolea; eta ensemblekoa Luis Orduña. "Damrow Europa mailan dagoen orkestrako jotzaile garrantzitsuena da eta Zumaian izango dugu. Zine jaialdi batean Francis Ford Coppola izatearen parekoa da. Jamie Williamsen ikastaroetara ere Europa guztitik joaten da jendea. Hauek guztiak hemen izango ditugu".