Bizargin bat otsaileko aldizkariko azalean

Baleike 2016ko ots. 16a, 12:40

Javi Utrera zumaiarrak Bartzelonan jokatutako bizarginen lehiaketa irabazi zuen urtarrilaren amaieran. Hilabete lehenago Hondarribiako garaje batean elkartu ginen argazki erreportaje bat egiteko. Berari eman diogu otsaileko Baleike aldizkariaren azala. 

Kanpotik begiratuta, badirudi Ocho apellidos vascos izan dela Zumaian egin den pelikula bakarra. Baina ez da hala; makina bat pelikula, film labur, dokumental, anuntzio eta ikus-entzunezko egin dira herri honetan XX. mende hasieratik. Mundu horretan murgildu da Imanol Azkue zenbaki honetan jasotzen den erreportaje zabala egiteko.

Herritik kanpora lan bila joan diren herritarrekin jarraituta, oraingo honetan Frantziara joan den Mikel Zubimendi ekarri dugu aldizkariko orrietara. Epilepsiaren gaia ere aztertu dugu Mireia Centeno psikologoa eta gaixotasun hau pairatzen duen Iker Aizpurua elkartuta.

Aldizkaria ohiko lekuetan dago salgai euro batean: Itsaskin, Amaiako plazako Ogi Berrin, Mandalan, Arkupen, Errota okindegietan, Otaño eta Aizpurua liburu-dendetan, Brakysen, Txokon eta Otezurin.