Ttakun Pulpo K.E. Taldeak bitik bi garaipen lortu ditu Euskal Ligako bigarren fasean

Baleike 2016ko ots. 15a, 14:10
Pulpo-Kukullaga partidako unea. Argazkia: Peio Romatet

Ttakun Pulpo nesken taldea bide onetik doa Euskal Ligaren fase honetan. Orain arte jokatutako bi partidak irabazi dituzte: 21-23 Elgoibarren aurka eta 35-23 Kukullagaren aurka. Emaitza hauei esker, sailkapeneko buruan dira. 

Elgoibar eta Kukullaga ditu atzetik eta Aloña Mendi dago sailkapeneko azken postuan puntu bat bera gabe. Jardunaldiko albiste txarra Leire Mendizabal hegalekoaren lesioa izan da. Sorbaldaren luxazioa izan du eta horren ondorioz hilabete inguruko baja izango du.

Mutil jubenilei dagokionez, Elgoibar taldearen aurka jokatutako partida galdu dute, 21-26 emaitzarekin. Ander Olaizolak jokatu ezinik jarraitzen du. Beñat Yeregi eta Jon Kareaga izan dira goleatzaile nagusiak: seina gol sartu zituzten.

Mutiletan, kadetetan, partida oso berdindua jokatu zuten Pulpok eta Basaurik eta 29nako berdinketarekin amaitu zen. Joseba Etxabek 11 gol sartu zituen eta Aitor Segurolak 6.

Pulporen lehen taldeak burua altxa ezinik jarraitzen du. Oraingo honetan Anaitasuna taldearen filiala izan zuten aurkari eta 12-23 emaitzarekin galdu zuten. Defentsak nagusi izan ziren partida honetan, Ekhi Agirrezabalaga izan zen zumaiarren goleatzaile nagusia, 5 golekin.

Bestetik, Pulporen infantil mailako bi taldeek amaitu dute Gipuzkoako txapelketako lehen fasea. Bai Canterias Dominguez Pulpo mutilen taldeak, bai Trapaia Taberna Pulpo neskenak, biak ere bigarren fasera pasa dira. Finalerdietan sartzea izango dute orain erronka.