Perukoak Planerian

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Azkue Ibarbia 2016ko ots. 3a, 19:34

Olatu handiak izan ditugu egunotan kostaldean, eta horiekin batera iritsi zaigu, berriz ere, zaplastekoa: bertako leku-izenak gutxiesten dituen eta begirunerik gabe erabiltzen dituen "periodikoa"-ren titularra ("Espectáculo en Playa Gris") eta argazki ikusgarriak (ikusi hemen).

Gara egunkarian, astelehenetan, surfaren gaineko bi orri berezi ateratzen dituzte, eta hor barruan "Surflari ernegatua"-k sinatzen duen zutabe gomendagarria. Duela aste batzuk, oso artikulu polita zekarren Surflariak, egunkariko bertsioan "Peruko hutsak gara" tituluarekin, naiz.eus-eko "Uhaina Bikaina" blogeko bertsioan "Dei gaitzazue 'peruko'". Edukia, ordea, bietan berbera, leku izenekiko errespetua eta surflarien kontzientziazioa mintzagai. Osorik irakurtzea merezi du, baina hemen laburbiltzen ahaleginduko naiz.

Hawaiiko urautsi bati izena aldatu diote, urte luzez nagusi izan den ingeleseko izena baztertu eta bertako hitz batetik datorrena erabiltzen hasi dira, hiritarrek beraiek eskatuta, bertako surflariek uste zutelako errespetuz hala egin behar zela. Urruneko gertaera hura gure kostaldera ekarri du "Surflari ernegatua"-k, hain gertuko ditugun Izustarri eta Planeriara, baina alde nabarmen bat ikusten du Hawaiikoaren eta gurearen artean: han ez bezala, hemen bertakoak ("kolonizatuak") hasi dira lekuak izen arrotzez bataiatzen. Horixe da, hain zuzen ere, arazoaren muina: bertakoen kontzientziazio maila (edo maila eskasa, eza). "Surflari ernegatua"-k gogora ekarri du garai batean surflariekiko zegoen gutxiespen-jarrera hura eta hitz iraingarri haiek ("pijoa", "perukoa"), eta gustura entzungo omen lituzke garai hartako irain haiek.

Arrazoia badu "Surflari ernegatuak": bertako surfalariek izango dute, seguru asko, erantzukizuna, zeresana eta zeregina kontu honetan, kontzientziazio eta indar handiagoa izango balute beste kuku batek joko luke hemen seguru, beste izen batzuk erabiliko lituzkete/genituzke leku horiek izendatzeko, baina uste dut denoi dagokigula gaia, maila desberdinean bada ere. Batzuek arituko gara, pixkanaka eta setatsu, txingurri-lanean, ingurukoak kontzientziatu nahian bertako toki-izenen inguruan, eta zerbait lortu dugula uste dugunean, etorriko da beste denborale bat, eta baga handiak, eta "perukoak" surf egitera, eta "periodikua"-n ikusiko dugu berriz ere titular/izen iraingarria, ustez egindako guztia aurrean hartuta brausttttt eramango duen olatutzarra. Orduan, berriz ere haserretu egingo gara eta zerbait idatziko dugu baleike.eus-eko komunitatean.