Xabi Aizpuruak Hausnartu saria jaso du

Baleike 2016ko urt. 29a, 13:09

Soziolinguistika Klusterrak antolatzen dituen Hausnartu sarien sari-banaketa ekitaldia egin da gaur eguerdian Donostiako San Telmo Museoan. Xabi Aizpurua Ugarte oikiarrak lehiaketako lehen saria irabazi du UEMAren hezkuntza proiektuari buruzko lanarekin. 

Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak eman dio saria. Euskararekiko pertzepzio soziolinguistikoa nola landu udalerri euskaldunetako ikasleekin: hizkuntza ekologia eta arnasguneen ideia du izenburua lan honek. Honen bitartez, euskaldunon hizkuntza komunitatearen arnasgune nagusi diren udalerri euskaldunetako eskoletan, egoera soziolinguistikoa lantzeko lagungarri izan daitezkeen tresnak eskaini nahi ditu, horretarako hizkuntza-ekologia eta arnasguneen ideia lantzeko baliabide didaktikoak eskainiz.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Masterra amaituta, master amaierako lana eta eguneroko lanbidea uztartzen dituen egitasmoa landu zuen Aizpuruak, UEMAren ildo estrategikoetako bati erantzuteko. Zehazki, udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzea eta ahalmentzea da oinarrietako bat, arnasguneen garrantziaz ohartu daitezen, hizkuntza ohituretan euskararen aldeko hautua egiteko.