Zumaia "ETAren aletegia" bezala ikusten du Zaragozako kazetari eta idazle batek bere azken liburuan

Baleike 2016ko urt. 28a, 15:20

Bosco Esteruelas izeneko kazetari eta idazleak (Zaragoza, 1951) Retorno a Zumaia izeneko liburua plazaratu du. Flyschak erakarri al du liburu hau idaztera? Edo 8 apellidos vascos pelikulak izandako arrakastaren ondorioz izan al da gurean? Ez horixe!

Euskal gatazkaren testuinguruan kokatu du Esteruelasek liburu hau. La Opinión de Málaga egunkarian jasotzen denez (atzo hiri hartako Ateneoan aurkeztu zuen liburua), liburua "fanatismo politikoaren aurkako alegatua" da non idazleak "terroristen damua eta barkamena" jasotzen duen. "Margolari abertzale moderatu baten eta haren iloba, gartzelean dagoen ETAko militante baten ikuspuntutik" kontatzen omen du bere istorioa. 

Eta zer ikusi du horrek Zumaiarekin, galdetuko duzue. Hau dio idazleak: "Eleberria batez ere Euskal Herrian dago zentratuta, eta, bereziki, Donostitik hurbil dagoen herrixka batean, Zumaian, betidanik ETAren aletegia bezala ikusi dena".

Elkarrizketa, bere osotasunean, hemen irakurri dezakezue (gazteleraz).