Linea elektrikoak eta metalak lapurtzen dituen talde baten burua atxilotu dute Zumaian

Baleike 2016ko urt. 26a, 18:11

Ertzainek 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo zehazten ez den Zumaiako industrigune bateko enpresa batean lapurretan ari zela. Pertsona hau, ustez, enpresetan metalezko materiala eta linea elektriko eta telefonikoa lapurtu duen talde antolatu baten burua da.

Banda honek EAEko hiru herrialdeetan eta inguruko probintzietan egiten zituen bere lapurretak. Era hierarkizatu batean egiten omen zuten lan eta gaizkile talde desberdinez osatua omen zegoen. Iazko maiatzean Urdulizeko Metroan egindako kable lapurreta bati esker identifikatu dute. Kantabrian bizi zen, identifikazio lanak zailtzeko. Beste bi pertsonekin batera Zumaiako enpresa batean, astelehenean, goizaldeko 01:30ean lapurretan ari zela atxilotu zuten. Beste biak ere atxilotuak izan ziren. 

Ertzaintzatik jakitera eman denez, 34 urteko pertsona hau 40 bat aldiz inputatua izan da antzerako lapurretetan parte hartzeagatik.