Boluntarioak biltzeko kanpaina jarri du martxan Errefuxiatuen aldeko harrera-taldeak

Errefuxiatuen aldeko Zumaiako harrera-taldea 2016ko urt. 16a, 10:27

Dakizuen bezala, duela hilabete batzuk herrian errefuxiatuei harrera egiteko  taldea sortzeko bidean hasi ginen. Talde horren helburua  etorriko diren errefuxiatuei gure elkartasuna adieraztea, eta gurera hobeki moldatzeko eta gure artean bizi ahal izateko bidea erraztea da.

Denok uste genuen bazetozela eta aste batzuen bueltan gure artean izango genituela, baina ez da horrela izan. Obrak dira amore eta hitz onen kolore dio esaera zaharrak. Badirudi iruzur handi baten aurrean gaudela. Agintariek emandako hitza jan egin dute, eta hor ditugu milaka eta milaka pertsona noraezean Europako herrien babesaren bila.

Egoera tamalgarri horren aurrean, egin zen bileran egoera salatzea erabaki zen eta agintariei eskatzea emandako hitza bete dezatela, eta hartutako konpromisoa bete dadin eman beharreko urratsak eman ditzatela.

Horretaz gain, errefuxiatuak noiz, nora edo zenbat etorriko diren jakiterik ez dagoen arren, guk hasieran genituen asmoetan aurrera egingo dugula erabaki zen bileran. Badakizue herri mailan boluntario talde bat eratzen ari garela, bada, talde hori osatzeko eta indartzeko kanpaina bat egitea erabaki dugu. Nahi duten herritar guztiek aukera izango dute eman nahi duten laguntza zehazteko eta horrela guztion artean elkartasun-talde sendo bat osatzeko aukera izango dugu. Boluntario talde horretako partaide izateko izena emateko kutxa batzuk eta fitxa batzuk jarriko dira herriko zenbait lekutan: Otaño botikan, Brakis okindegian, Basadiko Ogi Berri okindegian, eta Ttakun tabernan… Horretaz aparte, Baleiken ere izena emateko aukera izango da. Nahikoa izango da fitxa betetzea eta esandako leku horietan uztea. Fitxak ere leku horietan izango dira.

Boluntario talde hori osatzen denean, Siriatik etorritako errefuxiatuen zain egon gabe, herrian lehendik ere atzerritik deserrira etorritako hainbat eta hainbat gizon-emakumeri eskainiko diegu gure laguntza eta elkartasuna, gure herrian herritar izan daitezen. Adierazi nahi dugu, halaber,antzeko egoeran egon daitekeen herritarrek ere jaso ahal izango dutela bideratu nahi den laguntza mota hori.

Gure herriaren historiak gizalegez jokatzea eskatzen digu eta horrela jokatzeko ahalegina egingo dugu.

Izena emateko bete formularioa