Voltaiaren zaztatekoa Donostiako Stop War jaialdian entzungo da

Baleike 2016ko urt. 13a, 18:00

Argazkia: Eider Iturriaga

Azken hilabeteotan Bilboko Kafe Antzokian, Ondarroan, Durangon, Larrabetzun eta Maulen jo ondoren, Voltaia hirukotearen stoner-punk musika Gipuzkoako aretoetara helduko da orain. Zumaiako rock taldea iazko azaroan plazaratutako Medusa izeneko diskoa ari dira defendatzen.

Orain arte jasotako erantzunarekin harrituta daudela dio taldeko baxujole eta abeslari Unai Eizagirrek. «Kritika oso onak jaso ditugu, baina, horrez gain, harritu gaituena da kontzertuetara etorritako jendeak kantak abesten zituela; kantak ezagutzen zituzten eta hori orain arte ez zaigu pasa». Ez hori bakarrik: diskoak sinatzea ere tokatu zaiela dio Unaiek. Lotsatu antzera dio hori.

Diskoaren promozioa egiten ere badabiltza Jon Brakamonte Brakak (gitarra), Jon Duranek eta Eizagirrek osatzen duten hirukoteak. «Aurreko batean Euskadi Irratian izan ginen eta gaur bertan [atzogatik] Gaztean. Beno, ondo moldatzen ari gara. Gu geu izaten jarraitzen dugu».

Medusa Voltaiaren bigarren diskoa da. Lehena, talde beraren izena daraman CDa, 2014ko udaberrian atera zuen. Lehen hura Zumaian, Uxategiko estudioan grabatu bazuten, bigarrena Grises taldeak Zestoan duen estudioan grabatu dute. «Berez Grises taldeak jotzen duen musika ez zaigu asko interesatzen, baina estudio horretan grabatutako gauzak entzun genituen eta asko gustatu zitzaigun lortutako soinua». Griseseko Eñaut Gaztañagak ekoiztu di diskoa. «Berak aurrez ezagutzen gintuen; bizpahiru kontzertutan egona zen. Gure musika bere horretan utzi du, baina, ahotsetan bai, zenbait truko erabili ditu. Guk halakorik aurrez ez dugu erabili eta gustatu zaizkigu. Hortxe geratu dira, ez dugu ezer aldatu». Zaletuek diskoaren soinua oso gustukoa dutela azpimarratu du Eizagirrek.

Diskoa zuzenekoan defendatzeko ordua heldu zaiei. Ostiral honetan bertan Oñatiko Gaztetxean joko dute, 22an Zestoako Gaztetxean, otsailaren 13an Getariakoan, 20an Trintxerpeko Mogambo rock areto mitikoan eta martxoaren 25ean Donostian egingo den Stop war jaialdian. Maria Kristina zubia agertoki dutela, tokiko hiru artistak eta nazioarteko beste horrenbestek kontzertua emango dute. Iragarrita daudenen artean Bob Geldof, Nick Lowe, Anari eta Gose daude. Voltaiak ere bertan parte hartuko dutela iragarri du Zumaiako taldeak. «Brakak diskoa bidali zuen eta dirudienez antolatzaileen gustukoa izan da. Espero dugu entzuleei ere gustatuko zaiela gure musika».

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide