2015ean bikoiztu egin da Baleike.eus webgunearen erabilera

Baleike 2016ko urt. 4a, 13:51

2015ean 400.000 bisiten langa gainditu ditu Baleike.eus-ek, eta ia milioi bat orrialde irakurri dira. Hemen dauzkazue datu nagusiak.

Dagoeneko 11 urte joan dira 2004an herriko albisteak zabaltzeko webgunea sortzea erabaki genuenetik. Orduz geroztik, urtetik urtera hazi baino ez da egin Baleikezale kopurua. 2015ekoa, baina, berezia izan da oso. Ikaragarria, hitz batean definitzekotan. 2014an 205.000 inguru izan ziren Baleikera egindako bisitak; 400.000ko langa gainditu dugu 2015ean. Hau da, 1.100 bisita egunero. Irakurritako orrialde kopurua ere izugarria da: ia milioi bat orrialde irakurri dira aurten Baleike.eus-en, Zumaiako informazioaz, eta euskaraz. Imajina zenbat egunkari argitaratu behar diren kopuru horietara iristeko...

Beste datu pare bat baino ez: maiatzean 48.078 bisita izan zituen webguneak; eta maiatzaren 10ean jo zuen goia, 4.745 bisitekin. Zer gertatu zen maiatzaren 10ean, halako bisita oldea gertatzeko? Pulpoko jubenilek Bartzelonarekin kontra jokatutako finala.

Baina zenbakien itsutu gabe, urtetik urtera gure eskaintza osatzea eta hobetzea da benetako erronka: 2015ean webgunea berritu dugu (Tokikomeko plataformarekin); .eus matrikula jarri diogu; Komunitatea atala sortu dugu talde, elkarte eta norbanakoentzat; webkamera jarri dugu Itzurunen; eskelak argitaratzen hasi gara; eta laster martxan izango den Zumaiako Gidari heldu diogu. Eta 2016rako baditugu asmo berriak...

 

Zabaldu Baleike Whatsapp bidez

Mugikorretako bertsioari zenbait berrikuntza egin dizkiogu. Ahalik eta azkarren karga dadin, webguneko elementu gehienak ezabatu egin ditugu mugikorretako azaletik. Azken hamar albisteak erakusten ditu orain. Gainontzeko edukietara iristeko, maila bakarreko menua sortu dugu. Hor dauzkazue webkamera, eskelak, agenda, albiste gehiago... Eta albisteak errazago partekatzeko, Whatsapp-eko botoia jarri dugu albiste amaieran. Lehen albisteak Facebook eta Twitter bidez zabaltzeko aukera zegoen; orain Whatsapp ere erabil dezakezue edukiren bat zuen kontaktuei zabaltzeko.

Oharra: datuak guztiak Google Analytics eta Hekimen Analytics tresnek emandakoak dira.