Biko, Zumaiako San Silbestre lasterketa jokatuko da bihar eguerdian

Baleike 2015ko abe. 30a, 09:42

Gabonetako kirol jarduerekin amaitzeko, bihar eguerdian Biko, Zumaiako San Silbestre lasterketa jokatuko da. Aurten, gainera, berrikuntzekin dator proba hau. Izen-ematea oraindik zabalik dago Lubaki kiroldegian.

Saltaka saioak eguerdiko 12:00etan hasiko dira benjamin eta aurrebenjamin mailetako haurrekin. Hauek heldu baten laguntzarekin egin beharko dute Pulpo elkartea eta Beheko plaza arteko bidea. 

Ondoren, 12:15etik aurrera, alebin, infantil eta kadete mailako korrikalarien txanda izango da. Hauek 1.100 metro inguruko bidea egingo dute, hiru mailetako gaztetxoak denak batera. Binaka egingo dira lasterketak, eta biak korrika egingo dute. 

12:30etik aurrera gainontzeko guztiak aterako dira: jubenilak, seniorrak eta beteranoak. Hauek bete beharreko bidea 5 kilometrokoa izango da. Patinekin hasiko da azken txanda hau: banaka egingo dute bidea, lerroko patinekin. Kasu honetan, patinetan, haurrek ere izango dute parte hartzea.

30 segundora korrika banaka egin nahi dutenak aterako dira eta beste 30 segundora korrika binaka egin nahi dutenak. 

Herriko kirol elkarteen lehiakortasuna bultzatzeko, dema berezi bat jarri dute antolatzaileek. Klub bakoitzeko helmugaratzen diren lehen bost bikoteen denboraren batez bestekoa egin eta denbora gutxiena egiten duen elkarteak duenak saria jasoko du. Zumartianeko txekea izango dute opari.

Sari-banaketa ekitaldia 13:30ean izango da eta gogoratu irabazleentzako saririk ez dela izango: erosketa txekeen zozketa egingo da.