Bruno Villanuevak irabazi du Gabonetako xake txapelketa

Baleike 2015ko abe. 29a, 22:12

Villanueva, goian, ezkerretik hasita hirugarrena.

Barakaldoarra jaiotzez, baina Zumaian familia duen Bruno Villanuevak irabazi du Gabonetako xake txapelketa. Bordeleko Xabier Beudaert izan du aurkari finalean eta joan-etorriko norgehiagokan nagusi izan da bizkaitarra. 

Hamabi jokalarik hartu dute parte aurtengo xake txapelketan. Berrikuntza bezala, lekuz aldatu da aurten: lehen Beheko plazako gizarte zentroan jokatzen bazen, aurten Alondegiko Oxford aretoan jokatu da. Aldaketa honi esker, ikusle ugari izan dira partidak jarraitzen.

Jokalariak bi txandatan banatu dira. Lehen fasearen amaieran, Xabier Beudaert izan da onena A multzoan, 9 punturekin, eta bigarren Bruno Villanueva 8rekin; B multzoan berdinketa izan da Fermin Lauroba zumaiarra eta Jose Joaquin Larrañaga azkoitiarraren artean. Biek 8,5 puntu eskuratu dituzte. 

Finalaurrekoak eta finala bi bueltatara jokatu dira. Beudaert eta Villanueva izan dira nagusi bi finalaurrekoetan eta biek jokatu dute txapelketa erabakitzeko partida. Lehena berdinketan amaitu da eta bigarrenean Bruno Villanueva izan da nagusi. Ondorioz, bizkaitarrak 1,5 puntu eskuratu ditu eta bordeldarrak 0,5.

Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidan, bana egin dute eta berdinketa hausteko unean, zorte gehiago izan du Jose Joaquin Larrañagak. Ondorioz, bera izan da hirugarren eta Lauroba zumaiarra laugarren. 

Aipatzekoka da jokalarien artean 11 urteko haur bat izan dela. Madrilen jaioa, Aitor Martinezek 7 puntu irabazi ditu lehen fasean eta aurrera egiteko atarian geratu da. 11 urte besterik ez ditu, baina ez da hori txundigarria egiten duen faktore bakarra: aurtengo urtarrilean hasi zen xakean jokatzen eta kirol honetan burua neurtzen urteak daramatzan jende asko irabazteko gai izan da.