Itzurungo arratsak, Oxfordeko hormetan

Baleike 2015ko abe. 27a, 11:05

Argazkigintza munduan eguzkia sartu eta gau beltza egiten den bitarteko une hori ordu magikoa bezala ezagutzen da. Eguzkia itsasoan desagertzen den momentu hori jaso nahi izan dute Ainhoa Sanchezek eta Anabel Garciak Alondegiko Oxford aretoan bisitatu daitekeen Zeru azpian... Zumaia izeneko erakusketan. Mostra hau urtarrilaren 1a arte izango da zabalik Alondegiko erakusketa aretoan. 

Zarauztarra bat, azkoitiarra bestea, biak ere Zumaian bizi dira. Biek ere argazkigintzako ikasketak egin zituzten eta hasiera batean sare sozialetara igotzen hasi ziren beraien lanak. "Oso erantzun ona jaso genuen eta hala animatu ginen erakusketa hau muntatzera", diote. 

Zumaian ateratako lanak erakusten dituzte mostra honetan. Itzurun inguruan bai, baina baita beste leku batzuetan ere, paduran, adibidez. Denak ere eguzkia desagertzera doan une horretan ateratakoak dira. "Zumaia argazkilariontzako zoragarria da eta badaude toki batzuk txundigarriak direnak".

Naturarekin lotutako argazkiak ateratzeaz gain, argazki erreportajeak ere egiten dituztela azaltzen dute eta beraien lanak erakustera emateko asmoarekin www.argiart.com izeneko ataria martxan jartzekotan dira. Bitartean, erakusketan dauden lanak erosteko aukera dago.