Beñat Gaztelumendik irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Baleike 2015ko abe. 19a, 22:24

Iñaxi Etxabe Beñat Gaztelumendiri trapalee jantzi dion unea.

Beñat Gaztelumendiri jantzio dio txapela Iñaxi Etxabek gaur Illuben (Donostia) jokatu den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean. Jon Maiak ez du egunik onena izan eta zazpigarren postuan sailkatu da.

Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin izan dira gaur Illunbeko bertso plazan lan borobilena egin duten bi bertsolariak. Lehen zatian Martin izan da, agian, erregularrago; baina buruz burukoan Gaztelumendik gailurra jotzea lortu du kartzelako gaian, eta hortxe erabaki da txapela.

Jon Maiak, berriz, ez du egunik onena izan. Distira falta izan zaio eta ez du bertsotan gozatu. Alaia Martinekin zortziko handian, eta kartzelakoan kantatu dituen bertsoak izan dira gaur bere onenak. Zazpigarren postuan amaitu du maiatzean hasitako bide luzea.

Gainontzekoetatik, Agin Laburu izan da hirugarren, berezkoa duen txinpartarekin; Iñaki Apalategik ere bere maila eman du saio osoan; Unai Agirrek erakutsi du bere bertsokera, baina kartzelakoan lana borobiltzea falta izan zaio; seigarren izan den Oihana Iguaran gazteari ezin gehiago eskatu bere lehen finalean: zortziko txikian eta kartzelakoan eman ditu alerik onenak. Arkaitz Oiartzabal Xamoa-k izan da gaur zortzigarren, baina bere mailan ibili da, txukun, aurrekoengandik sailkapenean ez oso aparte.

Final bati eska dakiokeen guztia izan du gaurkoak, beraz: maila handiko bertsoak, askoren arteko lehia parekatua, txapelerako bi hautagai bikain buruz burukoan eta hanka sartze larririk ez. 

Iragarri bezala, Iñaxi Etxabek (Oikia, 1933) jarri dio txapela Beñat Gaztelumendiri, eta bertsoa ere kantatu dio, 7.000 lagunen aurrean.

Sailkapena:

1. Beñat Gaztelumendi (1.012 puntu)
2. Alaia Martin (993)
3. Agin Laburu (614,5)
4. Iñaki Apalategi (603)
5. Unai Agirre (595,5)
6. Oihana Iguaran (594)
7. Jon Maia (586)
8. Arkaitz Oiartzabal (571,5)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide