Larrialdi zerbitzuak etorri dira arratsaldean Anade elkarteko hodi batean izandako leherketagatik

Baleike 2015ko abe. 11a, 22:48

Arratsaldeko 6ak aldera izan da gertakaria. Anade elkarteko parrilaren ke-erauzgailu bezala erabiltzen den hodiaren zati batek leher egin du. Edozein arrisku ekiditeko, larrialdi zerbitzuei dei egin zaie. 

Jakin denez, hodi honen goialdeko zati bat kedarrez beteta zegoen. Afarirako parrila piztu dutenean, presioak gainez egin du eta leherketa gertatu da. Zallako eraikineko teilatupean dagoen hodiaren zati batzuk erori dira lurrera. Hori ikusita, larrialdiei dei egin zaie eta Zarauzko suhiltzaileak eta anbulantzia bat inguratu dira lekura. Zorionez, ez da kalte pertsonalik izan. 

Hala ere, Upela plazaren inguruan dauden etxebizitzen teilatuak arakatzen aritu dira suhiltzaileak garabi handira igota, egon litezkeen hauskaldarrak amatatzeko. Bereziki, Zalla taberna dagoen eraikinean, azaldu dutenez, teilatua nahiko egoera kaxkarrean dagoelako. 

Azkenean ez da arazo handirik izan eta arratsaldeko 7etarako joan dira suhiltzaileak.