Finalean sartu da Jon Maia

Baleike 2015ko abe. 7a, 12:11

Jon Maiak lortu du puntu gehien jokoan zen Gipuzkoako Txapelketako azken finalaurrekoan, Eibarko Astelena pilotalekuan. Finala abenduaren 19an jokatuko da, Donostian.

Jon Maiak ez zuen hutsik egin atzo Eibarko Astelenan jokatutako azken finalaurrekoan, eta erregulartasun horri esker irabazi du abenduaren 19ko finala jokatzeko eskubidea.

 

Finaleko zortzien zerrenda osatzeko falta ziren azken izenak jakiteko irrikaz bildu ziren 1.100 bertsozale Astelena pilotalekuko harmailetan. Kiniela guztietan agertzen zen Jon Maia, baina halakoetan nahikoa da hutsik txikiena finaletik kanpo gelditzeko. Baina ez zen halakorik gertatu. Hasieratik oso zentratuta aritu zen, eta bere mailarik onena erakutsi zuen sei puntuko ariketan eta kartzelako gaian. 500,5 puntuko saioa osatu zuen Maiak. Bigarren Arkaitz Oiartzabal Xamoa sailkatu zen, 481 puntu lortuta; Oiartzabalentzat, beraz, finalerako azken txartela.

Horrela, hauek dira abenduaren 19an Ilunben (Donostia) Gipuzkoako txapela irabazteko lehian kantatuko duten zortzi bertsolariak: Unai Agirre (Hernani, 1975), Alaia Martin (Oiartzun, 1987), Beñat Gaztelumendi (Añorga, 1987), Agin Larburu (Astigarraga, 1985), Iñaki Apalategi (Beasain, 1982), Oihana Iguaran (Amasa-Villabona, 1991), Arkaitz Oiartzabal Xamoa (Oiartzun, 1985), eta Jon Maia (Urretxu, 1972).

Zumaiako Bertso Eskolak autobusa eta bazkaria antolatu ditu finalera joan nahi dutenentzat. Autobusa 12:45ean aterako da, Aita Mari zinemaren paretik. Bazkaria Donostiako Algorri jatetxean izango da. Autobusa eta bazkaria ordaintzeko txartelak turismo bulegoan jarri dituzte salgai, 20 euroan. Bestalde, sarrerak Interneten eros daitezke, www.bertsosarrerak.eus helbidean, 20 euroan –elkartekoentzat 15 euro, eta 6-16 urte artekoentzat hamar –.