Klarineteak baditu milaka aurpegi

Baleike 2015ko abe. 8a, 20:00

Zumaiako Udal Musika Bandak antolatutako 14. Klarinete Maratoia egingo da asteazkenean hasi eta igandera bitartean. Euskal Herri osotik etorritako 100 bat ikasle izango dira bertan.

Egin dezagun dozena bat urte atzerantzako bidaia denboran zehar. Ubillosen gaude, Zumaiako Udal Musika Bandaren (ZUMB) entsegu batean, eta klarinetea jo behar dutenen aulkiak hutsik daude. Instrumentu hori nork joko duenik ez dago. Hutsune horri, egoera horri, aurre egin nahian, ZUMBek, Marixi Sesma buru duela, lehen Klarinete Maratoia antolatu du. Musika Eskolan klarinetearen irakaskuntza indartzea du helburu, era horretan, etorkizunean, Bandara hurreratuko diren klarinetista kopurua handitzeko. Denboraren makina hartu eta berriro 2015eko abenduan kokatzen gara. Klarinete Maratoiaren 14. edizioa hastear da eta hasieran jarritako helburu horiek, orokorrean, beteta daudela dio Sesmak: «Hau ziklikoa da. Izan da Bandan klarinetista asko egon den garaia; une hau, agian, ez da onena. Baina, bai, zentzu horretan helburuak bete dira», dio Klarinete Maratoiaren antolatzaileak. 
 
Astezkenean hasiko den Maratoiaz hitz egiteko elkartu gara larunbat goizean Ubillos jauregian. Marixirekin batera Nerea Alonso dago. Antolaketa lanetan aritzen da. Bandaren entsegu lokaletan sartu eta Eli Prietorekin egin dugu topo. ZUMBeko kidea, klarinete baxuarekin entseatzen ari da zapatu eguzkitsuan. Instrumentua utzi eta taldera inguratu da. 
 
Aurtengo edizioa hastear bada ere, pozik egoteko arrazoiak badituzte dagoeneko. Ehun lagun inguru izango dira aurten Carlos Casadóren ikasgaiak jasotzen. «Normalean 60-70 pertsona inguru izan ditugu batez beste. Aurten 100 inguru izango ditugu. Iruñeatik etorri nahi zuten batzuei ezezkoa esan behar izan diet, ez garelako gai jende gehiagori harreta eskaintzeko», dio Marixik. 
 
Euskal Herri guztitik datorren jendea izango dugu egunotan Zumaian, klarinete doinuek erakarrita. «Azpeitia, Andoain, Errenteria, Portugalete, Gasteiz, Iruñea, Noain... Zerrenda batean ditugu denak apuntatuta». Gehientsuenek egunean bertan egingo dituzte joan-etorriak, baina Sesmak gogoan du autokarabanan etorritako jendea ere izan dela. «Parte-hartzaile bat gurasoekin etorri zen era egun hauek Zumaian igaro zituzten».
 
Ikasle batzuek egiten dituzten esfortzuak ere txalotzen ditu Marixik. «Tolosatik etortzen diren gazteak hor ditugu. Gurasoekin eta eskolako arduradunekin adostuta, eskolako orduak alde batera utzi, autobusa hartu eta arratsaldero, lauretako, hemen izaten dira. Gero, bertakoek esango dute kostatu egiten zaiela etortzea...».
 
Irakaslearen garrantzia  
 
Carlos Casadó klarinestista valentziarra izango da aurten ere ikastaroen gidaria. Orquesta Nacional de España-ko partaidea, lehen urtetik izan da Maratoiaren lehen urtetik izan da Zumaian klaseak ematen. Bera da, ziur aski, Maratoiak duen arrakastaren erantzule handienetakoa. «Maila ona izan edo ez, haurra edo heldua izan, denekin modu berean aritzen da. Disfrutatu egiten du hemen eta horregatik etortzen da urtero». 
 
Maila eta adin desberdineko klarinetistekin osatzen ditu taldeak eta haiekin aritzen da lanean. Bakarkako saioak ere ematen ditu. «Aurten dugun jende kopuruarekin goizetik gauera arte egon beharko du lanean. Uste dut talde batzuk nik hartu beharko ditudala», dio Marixik. Maila gorena ere ziurtatuta izango da hala ere. 
 
Casadók Maratoian zehar emango diren kontzertuetan ere hartuko du parte. Izan ere, emanaldiak dira ekimen honen beste ardatza. «Herri txikia eta ekimen xumea izango da gurea, baina, hemen maila oso handiko kontzertuak izan ditugu. Klarineteko errepertorioko obra batzuk ere estreinatu dira Zumaian», goraipatzen du. «Batzuk ez ziren ohartu ere egingo, baina hemen maixu handiak izan dira, metro gutxira», gaineratzen du antolatzaileak. 
 
Garaipenaren bila
 
Maratoiaren baitan antolatzen den Klarinete laukoteen lehiaketak ere parte-hartze zabala izango duela informatu du. «Iaz sei bat laukote izan genituen, baina aurten 11-12 izango dira. Badirudi xaxatzen aritzen direla gazteak eta horrek gorakada hau ekarri du. Gainera, irabazteko asmoarekin datoz».
 
Musikarien maila bakarrik ez, beste arlo batzuk ere epaituko dira lehiaketan. «Nola janzten diren, oholtza gainean nola portatzen diren... Epaimahaikideak entzuleen artean nahastuko dira; parte-hartzaileek ez dute jakingo nork epaituko dituzten».
 
Jendaurrean jotzeak berebiziko garrantzia duela dio Marixik. «Dena ez da entseatzea; jendaurrean aritu behar da eta hori ere ikasi egiten da. Musikariek ere behar dute jardutea maila batera heltzeko». 
14. edizioa hasi besterik ez bada egin, datorren urtekorako ideiak dituztela dio Marixik. Edizio borobila da, gainea. «Brainstorming delakoak egiten ditugu eta baditugu ideia edo asmo batzuk. Esperimentatzen jarraitzen duen Maratoia da gurea».
Erlazionatuak