Berrikuntzaz beteta dator, aurten, Biko Lasterketa

Baleike 2015ko abe. 4a, 17:22

Azken urteotako ohiturari jarraituz, Biko Lasterketa mistoa egingo da abenduaren 31n. Aurtengorako, ordea, aldaketa eta berrikuntza ugari prestatu ditu Kirol Patronatuak. Izen ematea hilaren 9an zabalduko da Lubaki kiroldegian.

Aurten, banaka zein binaka hartu ahal izango da parte. Bakarrik parte hartu nahi dutenek, korrika zein patinetan egin ahal izango dute ibilbidea. Binakako ohiko lasterketako bi parte-hartzaileek, berriz, korrika egin beharko  dute bidea.

12:30etan emango zaio hasiera helduen lasterketari. Lehenik banakako lasterketakoak hasiko dira; eta, ondoren, minutu batzuetara, Biko lasterketa hasiko da.

Ibilbideak orain arteko neurri antzekoa izango badu ere, 5,5 kilometro, zenbait aldaketa egiteko asmoa dute antolatzaileeklasterketa herrigunetik gertuago gelditzeko.

Norbanakoei lasterketan parte hartzeko gonbita egiteaz gain, parte hartzea sustatu eta egun horretan bertan giroa sortzeko, herriko kirol taldeei erronka bota nahi izan die Kirol Patronatuak, oraingoan. Klubek bikoteka parte hartzeko aukera izango dute.  Horretarako, ohiko sariez gain, klubentzako sariak ere jarri dira. Alde batetik, bikote gehien aurkezten dituen klubak saria jasoko du. Eta, bestetik, klub bakoitzeko helmugaratzen diren lehen bost bikoteen denboraren batez bestekoa egin eta denbora gutxiena biltzen duenak saria jasoko du.

Helduen aurretik, haurrak

Lasterketa nagusia 12:30ean hasiko bada ere, 12:00etatik aurrera herriko txikienen lasterketak egingo dira. Haurren lasterketetan (alebinak, infantilak eta kadeteak) binaka egin beharko da lasterketa. Benjaminek eta aurrebenjaminek, ohi bezala, heldu batekin hartu behar dute parte. 

Lasterketan izena emateko epea abenduaren 9an irekiko da. Izen ematea Lubaki kiroldegian izango da, eta doan da.