Julene Azpeitia 28. ipuin lehiaketako sariak banatu dira

Baleike 2015ko abe. 3a, 22:53
Argazkia: Sara Utrera.

Julene Azpeitia 28. ipuin lehiaketa historia da. Gaur iluntzean banatu dira sariak kolkoraino bete den Alondegiko Oxford aretoan. Batzuk saridunak lagundu eta txalotzera hurbildu dira; beste asko jarraian izan den Anari abeslariaren kontzertua entzutera. 

Saria jasotzen lehena Telmo Irureta Uria zumaiarra izan da. Berak eskuratu du zumaiar onenaren saria. Ipuinaren zati bat irakurri du eta bertaratutakoen txalo zaparrada jaso du. Garazi Mugerza Markinak jaso du bigarren saria eta irabazlearena Markel Txasko Galarraga errenteriarrak. Aipatzekoa da, eta hala goraipatu du epaimahaiak, hirurak ere oso gazteak direla. 

Txaskok Zumaiako bezalako literatur lehiaketak egotea eskertu du, "euskara bultzatzeko eta herrigintza egiteko". Bere ipuina, Hitzak eta krabeliñak izenekoak, euskal gatazkaren unean kokatzen da eta torturaren gaia jorratzen du. "Galdera batzuk jartzen ditut mahai gainean, beste askok jartzen dituzten bezala. Egia da kritikatzeko asko egon dela", adierazi du saria jasotzerakoan. 

Francisco Garmendia gogoan

Ekitaldiaren amaieran Oier Korta alkateak gaur bertan hil den Francisco Garmendia izan du gogoan. Azpeitiarra jaiotzaz, Zumaian bizi zen eta Xabier Garmendia zinegotziaren aita zen. Eusko Jaurlaritzan egon zen Carlos Garaikoetxea lehendakaria izan zenean eta Soziologia politikoaren katedraduna zen Deustuko Unibertsitatean, besteak beste. Bera gehien markatu duten pertsonetakoa izan dela adierazi zuen alkateak.