Leire Barriuso: "Unescoren izendapenak mundu mapan jarriko gaitu"

Baleike 2015ko abe. 2a, 06:00

Unescok Geoparkeen sarea osatu du eta haren baitan sartu da Euskal Kostaldeko Geoparkea. Haren gerente Leire Barriusorekin hitz egin dugu eta datozen urtera begira dituzten erronken berri eman digu. 

Unescoren geoparkearen sarea eratu da. Zer pauso eman dira?

Hasieratik zegoen mundu mailako sarea eratzeko asmoa, Unescoren aterpean. Europako sarea 2000. urtean sortu zen eta sare globala edo mundu mailakoa 2014an. Helburua Unescoren izendapena jasotzea zen, baina horretarako non zintzilikatzea behar genuen. Lurren Zientzien Sekzioa zegoen; pixka bat moldatu da eta orain Lurren Zientzien Programa eta Geoparkeak du izena. Azaroaren 17an egin zen Unescoren asanblada orokorrean hartu zen programa hori sortzeko erabakia eta gaur egun munduan dauden 120 geoparkeak Unescoren geoparkeak bihurtu dira.

Zer suposatuko du horrek?

Geoparkeak mundu mapan jartzea ekarriko du. Azken finean Unescok duen marka hori nazioarte mailan ezaguna da eta promoziorako marka indartsua da. Kanpora begira bisitari kopurua handitzea ekarriko du. Baina etxe barrurako ere garrantzitsua izango da. Erakundeek ongi ikusi dute Geoparkea hasieratik, baina izendapenak garbi utziko du honek duen potentzialitatea. Gaur egun gizateriaren ondareak, biosferaren erreserbak eta geoparkeek maila berbera daukagu. Beste izendapenek urte mordoa daramate. Geoparkeek ez dute hainbesteko ibilbiderik, baina beti izan du nazioarteko bokazioa. Sortu zenetik helburua zen mundu mailan zabaltzea eta geoparke desberdinen arteko kolaborazio oso estua izan da. Sarea oso dinamikoa da, urtean bitan elkartzen gara, konferentziak ere izaten dira... Elkarlana oso sendoa izan da eta Unescok hau oso ondo ikusi du. Orain helburua izango da geoparkeen figura hori munduko beste leku batzuetan hedatzea.

Zer leku izango lirateke?

Geoparkeak Europan sortu ziren eta Asian ere lan handia egin da. Afrikan ez dago. Ameriketan, Kanadan eta Brasilen bai, baina Estatu Batuetan ez. Han parke naturalak daude. Oso figura desberdinak dira. Parke naturalek Estatu Batuetan ateak dituzte: sarrera ordaintzen duzu eta sartzen zara; babeserako figurak dira. Geoparkea, berriz, garapenerako figura bat da. Unescok garapen jasangarria, kultura, zientzia, hezkuntza bultzatzen du. Azkenean haren eta gure baloreak berdinak dira. Izendapen honek toki egoki batean kokatzen zaitu eta, gainera, estimatuak diren baloreekin.

Munduan dauden geoparkeak automatikoki sartu dira edo azterketa bat pasa behar dute?

Eskaerak banan banan egin dira. Berezitasun bat dago hemen eta da Unescoren ordezkariak estatuak direla. 195 estatuk osatzen dute gaur egun Unesco. Gure kasuan lankidetzarako nazio mailako batzordea dago, atzerri-ministerioaren barruan dagoena. Unescok programa berri hori eratu duenean, batzordeak babesa eman zuen eta Espainian dauden geoparke guztiak, hamaika, gutun horrekin sartu dira sarean.

Euskal Kostaldeko Geoparkearentzat erakusleiho handia izango da hau.

Kalitate marka ere bada. Ikerketak egiteko, dibulgaziorako... beste entitate bat du. Bisitari kopurua igotzeaz gain, noski, beste arlo batzuk garatu nahiko genituzke, ikerketa eta hezkuntza aldetik. 

Barne funtzionamenduan izango al du eraginik?

Espero dut etxean bultzada bat suposatzea, administrazioek apustua handi dezaten. Gure geoparkeak bost urte daramatza, 2010. urtean sartu zen sarean eta 2014an pasa zuen errebalida. Ikusten da gero eta esparru zabalagoak ukitzen dituela eta pertsonal aldetik ditugun errekurtsoak ez direla oso zabalak. Barrura begira aurrerapauso bat eman behar da. Begira, hor dago Urdaibai. Biosferako erreserba da eta zuzenean Eusko Jaurlaritzak kudeatzen du. Dituzten errekurtsoak gureekin alderatuta handiagoak dira. Ez nago horri begira, baina... nahiz eta biosferaren erreserbak ibilbide luzeagoa izan, maila berean gaude. Izendapen honek apustua handitzeko balio beharko luke.

Zer nolako erreakzioak izan dira albistea jakin ondoren?

Oso onak. Jende askok zoriondu gaitu. Oihartzun handia izan du: 120 geoparke batera pasako dira Unesco izatera eta oihartzuna mundu mailakoa izan da. Inguruan lanean aritu den jendeak pozik hartu du izendapena eta udal mailan ere bai. Beti diot honen oinarria udalak direla; beraiek egin zuten apustua hasieratik eta urtero mantentzen dute. Hau beraientzat ere oparia izan da. Izendapenaren ondoren Geoparkea zer izango den? Izango da guk nahi duguna edo egiteko gai garena. Lehen egin behar genituen gauza berak egin behar ditugu, lau urtean behin errebalida pasa. Iaz pasa genuen lehena, emaitza oso onekin, 2018an bigarrena pasa behar dugu eta horretarako irizpideak markatuta daude. Irizpide horiek Unescok onartu ditu eta guk orain arteko bidea jarraitu behar dugu.

Bost urte dira Geoparkea sortu zela. Zer bilakaera izan du bisitari kopuru aldetik?

Aurtengo datu zehatzik ez dugu, baina bai ikusten dugula bisitarien igoera handia izan dela, gehienbat, 2013tik 2014ra eta 2014tik 2015era. Ezin da jakin zenbat jende etortzen den, Geoparkeak ez dituelako aterik. Ez zen erreala izango Debako hondartzara datorren jende guztia Geoparkera datorrela esatea. Datu batzuk erabiltzen ditugu neurtzeko eta horiek gorantz doaz: turismo bulegotako bisitariak eta irteera gidatuetan bisitariak. 2013-2014an %60 igo zen kopurua eta 2014-2015ean, urriko datuekin, %40. Ikusten da gero eta interes gehiago dagoela eta atzerritik jende asko datorrela. Dinamika hori Gipuzkoa osoan ikusten ari da. Geoparkeak duen nazioarteko bokazio horrek laguntzen du. Datuak ixteko daude, baina ikusten dugu datorren urterako eskaintza handitu beharko dugula. 

Hasieratik Zumaia eta Deba arteko itsaslabarrek erakarri dute bisitari gehien. Gogoan dut aurreko batean hitz egin genuenean zuen erronketako bat bisitari horiek barrualdera eramatea zela. Bete al da erronka? Edo flyschak bisitariak monopolizatzen jarraitzen du?

Jarraitzen du, baina hori ez da arazoa. Guk badakigu non dagon fokua. Gauza da horrek erakartzen duen jende hori Geoparkean barrena mugitzea. Baina ez bisitariak bakarrik, dinamikak ere bai. Ikerketak, adibidez. Badakigu flyschak unibertsitate asko erakartzen dituela, baina barnealdea ez dute ia ikertzen. Gure lana da bisitari fluxuak barrura eramatea, baizik eta dinamika horiek barrualdera, karstera eramatea eta dinamika horiek konpentsatzea. Dugun ona da badakigula foku hori non dagoen.

Foku hori mantentzen da orduan, ez da moda bat izan.

Mantentzen da eta mantenduko da, nire ustez. Ez da marketineko produktu bat edo iraungitze-data duen asmatutako zerbait. Horren atzetik gauza asko daude: garrantzia zientifikoa, paisaia, natura... Horren bitartez beste lurralde guztia garatzen saiatu behar gara. 

Datozen urteetarako erronkak finkatuta al dituzue?

Dudarik gabe. Erronka handiena Geoparkea gizarteratzea izango da eta hau ez da urtebeteko edo biko kontua izango. Zaila da. Proiektu gazte guztietan gertatzen da, baina Geoparkearen bokazioa da hemen bizi direnek Geoparkea berea bezala sentitzea eta antolatzen diren ekintzetan parte hartzea. Herri mugimendu antzerako bat sortu nahiko genuke. Gauzak egin dira, proiektu asko aurrera eraman dira, baina ikusten dugu gabezia hori: kostatzen zaigu jendearengana iristen, jendeak ulertu dezan hau zer den eta senti dezan bera ere Geoparkea dela. 

Geoparkea turismoarekin lotzen duten aurreiritzia dago oraindik.

Hori ez da egun batetik bestera borratuko. Gauzak egin, egin eta egin behar dira. Guretzako sentsibilizazioa oso garrantzitsua da. Horretara zuzenduta sare sozialak edo buletinak erabiltzen ditugu. Egia da kostatzen dela eta batzuek Geoparkea flyscharekin bakarrik lotzen dutela. Baina, erronka hau datorren urtean ere bera izango da. Pertsonekin, elkarteekin, enpresekin, merkatariekin lan handia dago egiteko eta hori Geoparkea jasangarria izan dadin klabea da.

Datorren urtean geoparkeen bilera bat antolatuko duzue hemen.

Geoparkeen Europako sarea urtean bitan biltzen da: martxoan eta irailean. Guk antolatuko dugun bilera martxoaren 17, 18 eta 19an izango da. Bilera itxiak izaten dira. Gaur egun 69 geoparke daude Europan eta bakoitzetik bi ordezkari etorriko dira: geologoa bat eta beste gestioa edo garapena eramaten duena. Bi horiek behartuta gaude urtean bitan bileretara joatera. Ni hasi aurretik, 2012an, hautagaitza aurkeztu zen 2016an, Donostia 2016 egitasmoarekin batera, hemen bilera egiteko. Ez genekiena zen Unescon sartu ondoreneko lehena izango zela. Horrek bere oihartzuna biderkatuko du. 150 bat lagun espero ditugu, Unescoko ordezkariak barne. Bi egunean zehar bilera itxiak egingo dira eta kultura eta gastronomiarekin lotutako ekintzak ere izango dira. Amaitzeko, azken egunean txango bat egingo da.