“Kazetari bakoitzaren sentsibilitatean eta etikan dago giltza”

Baleike 2015ko aza. 21a, 08:28
Ezkerretik eskubira: Cristina Martinez, Andrea Momoito, Patricia Ponce moderatzailea eta Aloña Velazco.

'Nola lantzen dute komunikabideek indarkeria matxista?' lelopean, solasaldia izan zen ostegun arratsaldean Alondegian. Feminismoaren begiradapean, hiru  kazetarien esperientzia ezagutzeko parada izan zen. Hizlariak Cadena Ser-eko Aloña Velazco, Pikara magazineko Andrea Momoito eta Cristina Martinez Sacristan kazetari freelancea izan ziren.

Zein da komunikabideen jarrera indarkeria matxistaren aurrean? Nola landu behar dituzte gai honen inguruko albisteak? Galdera hauen guztien erantzunak emateaz gain, hausnarketarako tartea utzi zuten Alondegira gonbidatu bezala joan ziren hizlariek. 

Hitza hartu zuen lehenengoa Martinez izan zen. Prentsan egiten du lan batik bat, eta bere iritziz komunikabide tradizionalek leku gutxi uzten diote indarkeria matxistari buruzko albisteei. “Komunikabide handietan zuzendaritza postuak gizonezkoenak dira orokorrean. Sistema kapitalista batean bizi gara, eta gizonen neurrira egindakoan”. Horrek guztiak, gaien aukeraketan eta zabalkundean du eragina Martinezen ustez. “Egunkariak kirol eta politika albisteez beteak daude. Beraz, zertarako hitz egin emakumeen kontrako erasoez, futbola badugu?”.

Egiaren beharraz jardun zuen kazetari bilbotarrak. “Ez da komeni egia kontatzea, eta izeberg-aren zati bat bakarrik kontatzen da gainera. Informazioak botere handia du, baina gaur egun, desinformazioak garrantzi handiagoa duela esango nuke. Ildo horretatik, pentsamendu bakar bat indartzea da komunikabideen nahia, eta ez luke hori izan behar”.

Aloña Velazcok irrati esatari gisa egiten du lan. Cadena Ser-eko A vivir que son dos días irrati programa zuzentzen eta aurkezten du kazetariak. Bere iritziz, gai honen trataera kazetariaren izaera eta kontzientziarekin dator bat. “Kazetari bakoitzaren sentsibilitatean eta etikan dago giltza”. Horregatik, profesionalaren lan egiteko moldeez mintzatu zen. “Autokritikoak izan behar gara, beti dago hobetzeko tartea. Horretaz gain, komunikatzaileak esaten duenaren kontzientzia izan behar du, eta berdintasuna ahalbidetu bai mintzatzeko moduan, eta baita elkarrizketatzaileak bilatzeko momentuan ere”. Biolentzia matxistaren inguruan, terminologiaren erabilpen egokiari buruz hitz egin zuen. “Termino guztiek ez dute balio. Biolentzia matxista ez da pasiozko biolentzia, edo biolentzia domestikoa. Kontuz ibili behar gara”. Bere hitzaldia biktimaren datuen erabilpenaz amaitu zuen. “Bere datuak ezagutzeak inguruan eragingo duenaz ohartu behar gara, eta erasotzailea nola tratatu behar dugun ere kontutan hartu behar dugu”.

Hitzaldia Andrea Momoitok amaitu zuen. Pikara magazineko nondik norakoak kontatzeko tartea hartu zuen. “Ez gara prentsa espezializatu bat, askoek usten duten bezala. Feministak gara eta ikuspuntu horretatik idazten dugu. Hauxe da gure ezaugarria”. Objektibitatea ez dela existitzen aitortu zuen. “Hasieratik esan dugu hori, eta gure kazetaritza eredua genero begirada batetik egiten dugu, besterik ez”. Azaleko kazetaritza kritikatu zuen. “Arazoaren zergatia bilatu behar dugu, ez kontatu nola gertatu den. Baizik, zergatik gertatu da hori?”.